180 parte hartzaile egon dira Bermeoko Ziklokros egunean
Parte hartu zuten umeak, gaztetxoak eta helduak zein euren senide eta lagunak Burujabetasun zelaian batu ziren atzo 11:00etan.
Adinaren arabera sailkatuta sei lasterketa egin zituzten: LH 5-6 (11:00), LH 3-4 (11:30), LH 2 (11:50), LH 1 (12:05), eta DBH 1, 2, 3 eta 4 eta nagusiak (12:15).
Bermeo Txirrindulari Taldeak eta Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak zazpigarrenez antolatu dute, eta aurten iaz baino txirrindulari gehiagok parte hartu izana poztekoa dela zehaztu dute. Gainera, oraingo honetan nagusi nahikoa animatu dela nabarmendu dute.
Azaldu dutenez, sare sozialetan egindako zabalkundearen ondorioz, bermeotarrak ez ezik kanpotik etorritako parte hartzaileak ere izan dituzte. “Adibidez ziklokrosean dabilen larrabetzuar bat etorri zen bere familiagaz eta kuadrilla osoagaz. Zirkuitua asko gustatu zitzaien, eta egindako lanagatik zoriondu gintuzten”, adierazi du Pedro Bilbao Larrauri Bermeoko Txirrindulari Elkarteko kideak.
Hain zuzen, ziklokros eguna prestatzeak aurretik zein egunean bertan behar asko eskatzen du, eta batik bat antolakuntzako kide izan ez arren, urtero egunean bertan laguntzen aritzen direnen lana goraipatu eta eskertu dute antolatzaileek. “Txirrindulari eguna antolatzeak baino lan gehiago ematen du Ziklokros eguna antolatzeak, eta horien laguntza asko eskertzen dugu. Jendea pozik joatea da gure asmoa, eta helburua lortuta pozik gaude”.
Erakustaldia. Lasterketen tartean Asier Urdaibai ziklokrosean profesionala den bermeotarraren erakustaldiaz gozatzeko aukera izan zuten. Bere bizikletagaz burutu zuen erakustaldia, eta Mikel Monasteriok, berriz, ziklokroseko bizikleta zaharragoagaz egin zuen zirkuitua. “Erakustaldiarena ez genuen aldez aurretik prestatu, baina Urdaibai etorri zenez aprobetxatu egin genuen. Bi bizikleten artean dagoen aldea ikusi ahal izan zuten; batik bat umeek hamar urtean egondako eboluzioa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten”.