Herriko artisten lanak ezagutarazten dituen Azalien asteburu kulturalean murgiltzen ari dira Bermeon
Herriko artisten lana ezagutzera emateko jaio den Azalien asteburu kulturala ospatzen ari dira Bermeon. Arrantzaleen Kofradia Zaharra agertoki bilakatuta, herriko hamar bat arte edota kultura elkarteren lanak jarriko dituzte ikusgai. Horiekin batera, gainera, artista norbanakoek ere badute euren gaitasunak plazaratzeko aukera.
“Herrian ezkutuan dauden arte disziplinak azaleratzen” hasi ziren atzo Arrantzaleen Kofradia Zaharrean: pintura, musika, argazkilaritza, zinea, grafitiak, eskultura, antzerkia, zeramika, bertsolaritza… Eta gaur eta bihar ere, modu berean jarraituko dute, herritarren lanak ezagutaraziz.
Atzo 19:00etan eman zioten hasiera ekitaldiari, azalpenagaz eta txalaparta saioagaz. Gero zabaldu zuten erakusketa. 20:00ak inguruan FIFA taldearen musikaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.
Gaur, berriz, 11:00etan zabaldu dituzte kofradia zaharreko ateak 15:00ak arte, eta arratsaldean 18:30etik aurrera egongo da zabalik. Ordutegi horretan, zeramika, film laburrak, argazkien erakusketa, egur lanketa, birziklatutako eskulturak, mikroantzerkiak, grafitiak, margotze tailerrak, hizketaldiak… izango dira aukeran. 11:00etan, gainera, margotzeko ekimena ere jarri dute martxan. Arratsalderako (18:30), buztina lantzeko tailerra prestatu dute, eta 20:00etan DJ Saioa hasiko du Jon Fondak.
Bihar, bestalde, 11:30etik 15:30era egongo da zabalik kofradia zaharra. Gura duenarentzako margotze ekimena ere egongo da aukeran.