Beste behin, ehunka lagunek hartu dute Astelehentxutxu jaira joatearen hautua. Goizean jaiki eta leihotik euria egin duela ikusteak ez du saihestu Merkatu plazara bertaratzea. Goizean, behintzat, aterri egin du, eta paellak prestatzeko eguraldi arazorik ez dute izan.
Gernikar eta inguruko gazteen egutegian gorriz markatuta dagoen eguna da urriko azken zapatua. Paella prestatu eta berau jatearen aitzakipean, herriko bizilagun eta lagunekin giro oneko egun bat igarotzeko data izan ohi da.
Paella gozoa eta itxura onekoa prestatu ote duten zalantza eta kezka izaten dute askok, baina ez zaie, berriz, askorik axola beste batzuei; azken finean, epaimahaia izaten baita emaitza ebazten duena. Jan ahal izateko bestekoa izateagaz konformatzen dira asko, lagunartean eta jai giroan egoteak garrantzia handiagoa baitauka horientzat.
Hala, jakiak prestatzen aditu eta ez hain adituak direnak elkartu ditu beste behin Astelehentxutxuk. 10:30ean zabaldu dute infogunea, eta 12:30ean, berri, prestaketa gunea. 51 paellak lehiaketara aurkeztu eta jangunean esertzen hasi dira gazteak elkarrekin bazkaria jateko. Paella lehiaketako onenen egileak, aldiz, 16:30ean deituko dituzte plazan jarritako agertoki gainera, orduan egingo baitute txapelketako sari banaketa.
17:30ean, mus txapelketa eta Beer pong txapelketa hasiko dituzte, eta ordubete beranduago, berriz, play back txapelketa.
Festak Pasealekuan jarraituko du gaueko kontzertuekin. Hala, bertaratzen denak Maren, Lukatu, Belatz, Etxekalte eta Xaiborren musikagaz gozatzeko beta izango du.
Bestalde, aldarrikpenetarako eguna ere izango da gaurkoa; 20:00etan, manifestazioa egingo baitute
Katluniak, Euskal Herriak Independentza lelopean. Merkuriotik abiatuko dira mobilizazioan.