Gaur 12:00etan aurkeztu du Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok
Letra Etxetxoa ekimena. Merkurio iturriaren parean, herriko ikastetxe eta ikastoletako 200 bat ikasleren aurrean egin du aurkezpena. Aipatu duenez, Euskal Herrian lehenengoz martxan jarritako ekimen horrek “adin guztietako herritarren artean irakurketa eta mahaiko jolasak bultzatzea” du helburu.
Liburutegi mugikor baten funtzioa beteko duen etxe itxurako gune bat da, batera eta bestera mugituko dutena. Hain justu, udaberrian eta udan izango du herriak ekimen berri horregaz gozatzeko aukera. Urtaro bi horietan, udalerriko aisialdirako gune eta parke ezberdinetan jarriko dute Letra Etxetxoa. Horren barruan, eskuragarri izango ditu herritarrak era askotako liburu eta aldizkariak zein adin guztietatarako jolasak.