Udako Grand Slamaren arrakastaren ostean, Urriko Azken Astelehena Masterra hartuko du Jai Alaik. Bihar lehiatuko dituzte finalerdiak, eta astelehenean finala. Jai Alai World Tour zirkuituko azken faserako sailkapena erabakiko da.
Jai Alai World Tour-eko Grand Slam eta
Open bana jokatu dira aurten Gernika-Lumoko Katedralean, eta oraingo honetan
Masterraren txanda da. Hain zuzen,
Urriko Azken Astelehena Masterra hartuko du Jai Alai frontoiak.
Zapatuan, 18:30ean hasita lehiatuko dituzte
bi finalerdiak, eta azokaren egunean,
astelehen arratsaldean jokatuko dute
finala (18:00).
Bi gernikar ariko dira
aurrez aurre Jai Alain.
Xabi Barandikak Ekhi Martinez gasteiztarragaz osatuko du bikotea, eta
Unai Lekerikaren bikotea Aritz Erkiaga ispastertarra izango da. Beste finalerdian Mikel Egiguren donostiarra eta Gotzon Enbil zumaiarra Alex Hormaetxea bermeotarraren eta Txabi Inza hendaiarraren kontra lehiatuko dira.
Puntistentzat Jai Alain jokatzea berezia izaten da, eta are gehiago Urriko Azken Asteleheneko azokako partidua lehiatzea. Hala, gernikarrak izanda edozein puntistak amestuko lukeen ohorea dute aurten Barandikak eta Lekerikak.
Partidu gogorra. Hain zuzen, Floridatik beren beregi Masterra jokatzeko heldu berri dira. Udan hemen jokatuta, irailean bueltatu ohi dira AEBtara, baina Gernika Jai Alai enpresak eta Jai Alai World Tourrek ahalegin berezia egin dute Barandikak eta Lekerikak hemen jokatzeko. Lekek partidu «parekatua» izango dela uste du. Aurkariek uda honetan oso maila ona eman dutela deritzo. «Barandika maila ona erakusten ari da. Orain ere, azken asteetan, Danian oso ondo jokatzen ibili da. Pilotari gaztea da oraindik, baina kirolari bezala gero eta osoago ikusten dut. Gainera, Ekhi uda honetan zelan ibili den ikusita, uste dut partidu gogorra izango dela».
Jai Alai World Tour zirkuituaren azken faserako sailkapena erabakiko da Gernika-Lumon. Master horren ostean erabakiko da zeintzuk diren azken faserako txartela lortuko duten zortzi pilotariak (lau pilotari enpresa bakoitzetik).
Barandika gernikarrak asko du jokoan biharko finalerdian. Izan ere, azken fasera sailkatzeko
Urriko Azken Astelehena Masterra irabazi beharra dauka. Galduz gero, berriz, Diego Beaskoetxea lehengusua sailkatuko da azken txanpara. Lekerikak Egiguren eta Enbil beteranoak ikusten ditu masterra irabazteko faborito. «Uste dut gaur egun bikote osoena direla. Partidu asko jokatu dituzte alkarregaz eta euren artean ondo moldatzen dira».
Lagunak eta familia publikoan. Hala ere, pilotari baten helburua beti da finalera heltzea eta, ahal dela, irabaztea, eta horretarako ilusioz dago gernikarra: «Polita izango litzateke herriaren aurrean finala jokatzea, eta ea aukerak ditugun irabazteko». Danian zeudela deitu zien enpresak masterra jokatzeko, eta handik hona master hau jokatzera etortzea «izugarria» dela dio. Maila ona ematea, partidu politak jokatzea, eta publikoa frontoitik gustura irtetzea espero du, «hori da-eta garrantzitsuena».
Oso partidu berezia dela argi dauka, eta asko emozionatzen duela zehaztu du. «Orain arte Amerikan jokatzen egon naiz, hemengo jende barik… Eta orain gure lagunen, familiaren eta publikoaren aurrean partidu bat jokatzeko bat-batean 10.000 kilometro egitea oso berezia da». 2015ean ere Azken JaiAlain jokatu zuen Urriko Azken Astelehenean, baina oraingoan Jai Alai World Tourreko zirkuituko partidua da: «Ea partidu onak jokatzen ditugun, eta puntuak lortzen ditudan azken fasera sailkatzeko». Errebantxa giroa edukiko du gernikarren arteko finalerdiak. Grand Slam txapelketan ezustekoa eman zuten Barandikak eta Ekhik Erkiagaren eta Lekerikaren kontra.
Azken horiek ziren txapelketa irabazteko faboritoak. Erkiaga da Miamiko izar handia, eta Lekek atzelari bikaina dela erakutsi du profesionaletan debuta egin zuenetik, baina Barandika oso indartsu heldu zen udan Floridatik, eta udako sorpresa handienetekoa izan zen. Erraz irabazi zieten, eta hurrengo kanporaketan ere Beaskoetxea eta Irastorzaren kontra nagusitzea lortu zuten. Gero, Olharan eta Lopezen kontrako finala galdu zuten. Ekhi gasteiztarrak aurtengo otsailean debutatu du profesionaletan, eta bikote moduan ondo moldatzen dira bera eta Barandika.
Hala, oraingo honetan Grand Slamekoa errepikatzeko edo hobetzeko asmoz kantxaratuko dira. Bestalde, iazko final handia Donostian irabazi ostean, gaur egungo Jai Alai World Tourreko txapeldun diren Egigurenek eta Enbilek ez diote lan erraza jarriko Hormaetxea eta Inza bikoteari. Bermeotarrak etxean jokatzen duenez, jende asko izango du animatzen harmailetan. Hala, irabazi zein galdu, Hormaetxearen jokoaz gozatzeko aukera ederra eskainiko du Urriko?Masterrak. Errematatzaile bikaina, ausarta, espektakularra… publikoa aho zabalik uzteko gogoz kantxaratuko da bermeotarra. Halaber, Durangon, Zumaian eta Hossegorren irabazita, atzelari hendaiarra oso momentu onean dago.