Elkarbizitzarako egitasmo parte hartzailea martxan daukate Lekeition
Atzo goizean aurkeztu zuten lekeitiarrek eta atzerritarrek osatutako lan taldea. Bizilagun programa antolatu dute aurten ere. Urriaren 31 arte egongo da programan izena emateko aukera2015eko urritik martxan dagoen Elkarbizitza Lan Taldea aurkeztu zuten...
Atzo goizean aurkeztu zuten lekeitiarrek eta atzerritarrek osatutako lan taldea. Bizilagun programa antolatu dute aurten ere. Urriaren 31 arte egongo da programan izena emateko aukera
2015eko urritik martxan dagoen Elkarbizitza Lan Taldea aurkeztu zuten atzo goizean Lekeition. Udalerria herrialde ezberdinetako jatorria duten pertsonek osatzen dutela-eta, eta aberastasun horri fruitua atera asmoz, elkarbizitzarako egitasmo parte hartzailea jarri zuen martxan udalak. Egitasmo horretatik lekeitiarrek eta atzerritarrek osatutako lan talde bat sortu zen; atzo eman zuten ezagutzera.Lan taldea hileko azken eguenetan batzen dela azaldu zuen Amaia Antxustegi Ziarda Lekeitioko Udaleko Gizarte Ongizate, Emakumea eta Berdintasuna zinegotzi eta Elakarbizitza Lan Taldeko partaideak. «Lekeitioko herria osatzen dugun bizilagunon artean jatorri aniztasuna dago, eta elkarbizitza hori hobeagoa izateko eta elkar ezagutzeko egitasmo hau daukagu martxan».
Urte hauetan, ekintza ezberdinak antolatu dituzte; besteak beste etorkinei buruz dauden aurreiritziekin apurtzen zituzten esketxak eman zituzten herriko zineman, herrira datozen atzerritarrei zuzendutako informazio triptikoak atera dituzte bost hizkuntzatan, eta joan den urtean Bizilagun programa ere eduki zuten martxan.
Azaroko domeketan
Aurten ere programa horregaz jarraituko dutela jakitera eman zuen Amaia Antxustegik. Azaldu zuenez, programaren helburua bi famili, bata bertokoa eta bestea kanpokoa, jatordu baten inguruan batzea da, bataren etxean edo bestearen etxean, esperientziak partekatu eta elkar ezagutzeko. «Ekimenak oso elkargune berezia osatzen du atzerritarren eta bertokoen arteko ezagutza sustatzeko eta haien arteko bizikidetza baldintzatzen duten aurreiritziak gainditzeko».
Hori dela eta, aurten, ekimena ez dute egun bakarrera mugatuko. Azaroko domeka guztietara zabaldu dute, eta dinamizatzaile batek lagunduko ditu familiak, harremana errazteko. «Bizilagun ekimenak harreman berriak egiten lagundu dezake, lagunak egiten bertakoen eta Lekeition bizitoki berri bat topatu dutenen artean».
Ekimenean parte hartu nahi dutenek urriaren 31 arte izango dute izena emateko aukera. Horretarako agutzane-ongintza@lekeitio.eus helbidera idatzi edo Lekeitioko Udaleko bulego orokorretara jo dezakete.
Ekitaldiagaz amaitzeko, Lekeitioko herritarrengandik izan duten harrera ona eskertu zuten Elkarbizitza Lan Taldeko partaide batzuek. Herrialde ezberdinetako jendea ezagutu eta lekeitiarrekin konplizitate gehiago izateko daudela taldean esan zuten. Lekeition etxean bezala sentitzen direla eta jendea oso jatorra zela ere azpimarratu zuten. «Talde honetan jatorri aniztasuna dago, baina bai eta herritarrak, osakidetza eta herriko eragile ezberdinak ere: eskola, ikastola…Hori ere garrantzitsua da proiektu hau aurrera ateratzeko», nabarmendu zuen Amaia Antxustegik.