Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez,
astelehenean hasiko dira lanak egiten.
Lamerako haurren jolastokia
Haurren jolastoki batzuetako zoruak berritu egingo dituztela azaldu du zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak. Horrez gain,
hondatuta dauden zabuak konponduko dituztela jakinarazi du. Lan horien aurrekontua
51.000 eurokoa da.
Zorua berritzeko edota konpontzeko lanak honako jolaslekuetan egingo dituzte: Lameran, Elkano tar Juan Sebastianen, Haurreskolan, Itsasoen Galdutakoen Lameran (Pergola), Talan, Artike enparantzan eta Adubidxen.
Lamerako haurren jolastokian hasiko dira berritze lanak egiten.
Zoru guztia kendu eta berria jarriko dutela esan du Ibarrolazak. Gainontzeko haurren jolastokietako zoruetan, berriz, konponketa lanak egingo dituzte.
Lameran, bi fasetan egingo dituzte lanak.
Lehenik eta behin, txikitxoen aldeko zorua aldatuko dute,
ondoren, gaztetxoena.
Bi kasuetan, lanak astebetean prest egotea aurreikusten dute.
Lanak iraun bitartean, jolasguneak ezingo direla erabili esan du zerbitzuetako zinegotziak: “Badakigu eragozpenak sortuko dituela, baina kontuan hartu behar da lan hauek beharrezkoak direla. Hortaz, aldez aurretik, herritarren pazientzia eskertzen dugu”.
Ibarrolazak azaldu duenez, haurren jolastokietako zoruak berritzeko,
material birziklatua erabiliko dute, kapsulatua, hain zuzen ere. Hortaz, nahiz eta orain arte egondakoaren antzekoa izan, kolorea ez dela hain argia izango zehaztu du Ibarrolazak. Bere esanetan, “garrantzitsua da material birziklatuak erabiltzea guztion artean ingurua zaintzeko”.