Gaztelugatxeko San Juanek 278.541 bisitari jaso ditu udaldian
Biotoporako Jarduketa eta Plan Integrala egiten ari dira; bitartean, sarbideak eta zerbitzuak hobetzen laguntzeko lau jarduketa egingo dituztela jakitera eman du foru aldundiakBizkaiko Foru Aldundiak eta Gaztelugatxen jarritako turismo bulegoak jasotak...
Biotoporako Jarduketa eta Plan Integrala egiten ari dira; bitartean, sarbideak eta zerbitzuak hobetzen laguntzeko lau jarduketa egingo dituztela jakitera eman du foru aldundiak
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gaztelugatxen jarritako turismo bulegoak jasotako datuen arabera, 278.541 pertsonek bisitatu dute udaldian Gaztelugatxeko San Juan. Azken hiru hilabeteotako datuen arabera, abuztuan egin ziren bisita gehien, 143.219, hain zuzen; uztaila izan da ondorengo hilabete jendetsuena, 73.451 bisitarigaz.Gaztelugatxeko San Juanera bertaratu ziren lagun gehienak (222.185) Eneperiko oinezkoen sarbidetik joan ziren, eta horietatik 203.899 baselizaraino igo ziren.
Aldundiak Gaztelugatxe inguruan jarri duen turismo bulegoak Espainiako Estatuko bisitariak jaso zituen batez ere ekain eta abuztua bitartean. Atzerritarrak, gehien bat, Ameriketako Estatu Batuetatik, Frantziatik eta Italiatik etorritakoak izan zirela diote, ekainean eta uztailean; eta abuztuan, berriz, Ameriketako Estatu Batuetatik, Erresuma Batutik eta Argentinatik.
Aldundiaren arabera, «zenbatekoek agerian jartzen dute Gaztelugatxeren turismo erakargarritasuna». Modu horretan, biotipoa dinamizatu, berrantolatu eta garatze aldera, Jarduketa eta Kudeaketa Plan Integrala egiten ari dira, «turismo jarduera iraunkorra izan dadin».
Parte hartze prozesua
Aldundiak maiatzean esleitu zituen plan hori egiteko lanak, eta horretarako lan metodologia ezarri zuen. Parte hartze prozesu bat abiaraztea aurreikusi zuten eta hasi dela diote. Bermeoko eta Bakioko udalek, landa garapenerako Urremendi eta Jata Ondo elkarteek, Gaztelugatxeko boluntarioek eta tokiko beste gizarte eragile batzuek aktiboki parte hartu dutela azaldu dute.
Aipatu planaren lehenengo ondorioak urtarrilean ezagutuko dira, aldundiaren arabera. Bitartean, aldundiak prozesu bat jarri du martxan Gaztelugatxen lau jarduketa egiteko. Diotenez, jarduketok ez dute eragozpenik sorraraziko etorkizuneko plana garatzeko orduan; gainera, sarbideak eta zerbitzuak hobetzen lagunduko dute.
Hala, urte amaieran Ermutik beherako bidearen zoladura konpontzeko lanak hasiko dituztela jakinarazi dute. 60.318 euroko aurrekontua dute lanotarako. Zoruak gutxiago irristatzea lortu gura dute, eta, era berean, azaleko drainatze sistema ere hobetuko dute.
Halaber, Eneperiko oinezkoen sarbidea hobetuko dute datorren urtean. Jarduketa horren aurrekontua 241.955 eurokoa da, eta lau hilabetean egitea aurreikusten dute. Bidea egokitu eta zoladura jarriko dute; betiere, egungo ibilbidea eta zabalera mantenduta. Lan horiek egiteko, Matxitxakoko Harria deritzon tokiko harria erabiliko dutela jakinarazi dute. Bestalde, zurezko hesia jarriko dute berriz, jarleku batzuk jarriko dituzte, eta tokiko espezieak landatuko dituzte inguru osoan.
Hirugarren proiektua 2018. urtearean hasieran abiaraztea aurreikusi dute. Horretan, Gaztelugatxeko San Juaneko baselizarainoko harrizko igoera zuinkatzen duten horma tarteak konponduko dituzte, bai eta kaltetuta dauden beste harri lanezko horma puntu batzuk ere. «Tarte horiek garbitu eta antzeko harri lanekin berreraikiko dira. Lan horiek eskuz egingo dituzte».
Azkenik, beheko aldeko plataforman, bisitarientzat zerbitzu eremu bat sortuko dute.