Hamargarren Euskal Jaia ospatuko dute bihar, Gernika-Lumon
Goizetik gauera bitarteko egitarau zabalagaz gozatzeko aukera egongo da. Jaia nagusituko bada ere, hizkuntza eta euskal kulturaren aldarrikapena egingo duteHamargarren Euskal Jaia ospatzeko bilduko dira gernikarrak bihar. Goizetik gauera bitarteko egit...
Goizetik gauera bitarteko egitarau zabalagaz gozatzeko aukera egongo da. Jaia nagusituko bada ere, hizkuntza eta euskal kulturaren aldarrikapena egingo dute
Hamargarren Euskal Jaia ospatzeko bilduko dira gernikarrak bihar. Goizetik gauera bitarteko egitaraua prestatu dute egun horretarako, eta jai girorik ez dela faltako ziurtatu dute.12:00etan botako dute txupina Merkurio iturrian, baina horren aurretik, azoka berezira bertaratzeko aukera egongo da; izan ere, 09:00etarako zabalduko dute sukalkia eta Errioxako ardoa protagonista izango dituen azoka, Merkatu Plazan. Bertan, hamahiru ekoizleren baserriko produktuak erosteko aukera egongo da, besteak beste. Halaber, artisauen otzarak, zeramika lanak eta bestelakoak ere edukiko dituzte salgai.
Txupinagaz batera, musikak hartuko du herria, eta Euskal Herriko abesbatzen, Urdaibai kantagunearen, Segundo Olaeta musika eskolako ikasleen, txistulari eta gaiteroen eta fanfarriaren doinuak nagusituko dira. Musikagaz ez ezik, dantzekin ere gozatu ahalko da bihar, Elai-Alai dantza taldearen eskutik.
Kirola ikusteko aukera ere egongo da, eta horretarako Artekalera jo beharko du herritarrak, bertan egingo baitu Piratak Herri Kirol Taldeak erakustaldia.
Egunak, hala ere, dantzak, kantak eta kirola baino gehiago eskainiko du, ardi larre-aldaketak ikusteko aukera ere egongo baita Saraspe plazan hasi eta Artekalen bukatuta.
Eguerdi partean, dantzekin jarraituko dute, eta ondoren, herri bazkarian elkartuko dira, Merkatu plazan. Festak jarraitu egingo du, eta baita ere kantuak eta dantzek. Hala, Dunbots txaranga eta Eingo eta Lehian taldeak izango dira herria musikaz eta kantez janzteko ardura izango dutenak iluntze eta gau partean.
Umeek ere izango dute ondo pasatzeko aukera Euskal Jaian, beraiei zuzendutako txokoa jarriko baitute Merkatu Plazan.
Herriak kolore eta itxura berezia hartuko du bihar; euskal jantziekin eta jaiko zapiekin jantziko dira herritarrak. Euskal Jaiko zapiak Turismo Bulegoan, Auzokoa tabernan, Lagun Etxea tabernan edota Etxarte kafetegian erosi ahalko dira.
Jaiaren helburuak
Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotziak aipatu duenez, Euskal Jaikoa «jarduera anitzeko eguna» da. «Jaia da nagusi, baina hizkuntza eta euskal kultura aldarrikatuta», adierazi du. Hala, hitzordu horren helburu nagusiak «udalerrian euskal tradizioak bultzatzea eta kultura eta euskara herritarren artean zabaltzea» direla azaldu du.