Etxeko lehen partiduan erakustaldia eman du Lointek Gernika Bizkaiak
78-58 irabazi dio Quesos El Pastor talde zamorarrari. Etxekoek ia hasieratik amaiera arte partidua kontrolpean izan dute. Etzi etxean jokatuko dute Zaragozako Mann-Filterren kontraLointek Gernika Bizkaia 78-58 nagusitu zitzaion herenegun Quesos El Past...
78-58 irabazi dio Quesos El Pastor talde zamorarrari. Etxekoek ia hasieratik amaiera arte partidua kontrolpean izan dute. Etzi etxean jokatuko dute Zaragozako Mann-Filterren kontra
Lointek Gernika Bizkaia 78-58 nagusitu zitzaion herenegun Quesos El Pastor taldeari. 2017-2018 denboraldiko lehen jardunaldian Snatt’s Sant Adriaren kontra 73-80 galdu ostean, bigarren jardunaldian irabazteko erronka zuten Gernika-Lumoko taldeko neskek, eta ez zuten hutsik egin. Malosteko zaleak aurreko denboraldietan moduan gozaraztea lortu zuten jokalariek; zenbait momentutan jokaldi bikainak burutu zituzten.Etxeko taldeak ia hasieratik amaiera arte eduki zuen partiduaren kontrola, eta taldearen berezko nortasunaren ezaugarriak ikusi ziren kantxan. Aurreko zapatuan Madrilen osatutako hasierako boskoteagaz kantxaratu zen Lointek Gernika Bizkaia; lehen jokaldian defentsak baloia berreskuratu, eta bigarren jokaldian Yaiza Lazarok saskiratze bikaina lortu zuen.
Aurkariek berehala erantzun zuten arren, etxeko zaleen babesagaz energia biziz nabari ziren Lointekeko jokalariak. Juana Molinaren eta Ameryst Alstonen hirukoekin, 10-8ko markagailura heldu ziren.
Hurrengo minutuetan, boskoteetan aldaketak egin zituzten bi taldeetako entrenatzaileek. Naiara Diez etxekoen kapitaina ere kantxaratu zuen Lopezek, eta ukitu zuen lehen baloian hirukoa egin zuen (18-11).
Bestalde, Molina «dena ematen» ari zen kantxan, eta berak lortu zuen lehen laurdena amaitu aurreko azken saskiratzea. Hala, hamar puntuko aldeagaz amaitu zuten: 24-14.
Talde sendoa
Hurrengo minutuetan, talde lan bikaina burutu zuten etxekoek. Esate baterako, Itziar Ariztimuño bilbotarrak minutu oso onak egin zituen, eta Pina ere jokaldietan asmatzen aritu zen. Hala, dozena bat puntutik gorako aldeari eusten zion Lointekek.
Hala ere, Lopezek beren jokalariengandik gehiago gura zuen, eta 31-20ko markagailuagaz hutsartea eskatu zuen. Ondorengo minutuetan partidua «apurtzen hasi» ziren etxeko jokalariak, eta 41-24ko markagailuagaz joan ziren aldageletara.
Atsedenalditik bueltan ere aurreko minutuetako norabide berari eutsi zion Lointekek, baina partidua «erabat apurtzea» falta zitzaion. Hala ere, 15 puntuko aldea mantentzea lortu zuten etxekoek.
Azken minutuek denboraldirako konfiantza handiagoa hartzeko balio izan zieten etxekoei. 70-45eko markagailuagaz dena esanda eta eginda zegoen, eta azken minutuak luzeak izan ziren nahi eta ezinean zebiltzan aurkarientzat. Etxekoei dagokienez, Marta Alberdik Dia Ligan debutatzeko aukera izan zuen, eta Maria Pinak Valentziatik etorritako senitartekoei eskaini zizkion saskiratzeak.
Asteburuan ere etxean
Dia Ligaren hirugarren jardunaldia ere Malosten lehiatuko du talde gernikarrak. Domekan Mann-Filter talde zaragozarraren kontra jokatuko du, 18:00etan hasita.