Kinttopeko Zaldi-Mando Txapelketarako domekan eman behar da izena
Urriaren 22an eta 23an jokatuko dute Aulestiko III. Kinttopeko Zaldi-Mando Txapelketa, eta lehiatzeko asmoa daukaten probalariek domekan izena eman beharko dute udaletxean.Parte hartzeko asmoa daukatenek 12:00etan egon beharko dute udaletxean, eta bert...
Parte hartzeko asmoa daukatenek 12:00etan egon beharko dute udaletxean, eta bertaratzerik ez dutenentzat hau da udaletxeko telefono zenbakia: 94-627 90 06.
Izena ematerakoan, animaliaren identifikazio zenbakia aurkeztea beharrezkoa izango da.
Aulestiko 950 kiloko Harri Barria erabiliko dute deman, 100 kiloko gainkargagaz. Hala, abereen oinarrizko pisua 450 kilotan ezarri dute, eta gehiegizko kilo bakoitzeko kilo bateko karga hartuko dute. Hain zuzen, saio bakoitza hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte zaldi-mandoak.
Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen ordezkariek kontrolatuko dituzte probak.
Sariak
Txapelketaren irabazleak 600 euro eta manta jasoko ditu, bigarren sailkatuak 550 euro irabaziko ditu, eta hirugarrenak 500 euro.
Seigarren sailkatura arteko diru sariak daude. Laugarren sailkatuak 450 euro irabaziko ditu, bosgarrenak 400 euro eta seigarrenak 350 euro.
Markaren %70 egin, eta saririk gabe geratzen den parte hartzaileak 300 euroko dieta jasoko duela ere jakitera eman dute.