Sestaoko hilketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur Bermeon eta Gernika-Lumon
Euskal Herriko beste hainbat herritan deituta daude Sestaoko erahilketa eta orain artekoak salatzeko mobilizazioak, eta Busturialdean ere bat egingo dute salaketarekin. Elkarretaratzeak gaurko deitu dituzte Bermeoko Sareginek feministen sareak eta Gernika-Lumoko Asunek talde feministak. Aurrekoetan bezala, Lamerako harrizko bankuan bilduko dira Bermeon, eta Gernika-Lumon, aldiz, Merkurion. Bermeon 19:00etan jarri dute ordua indarkeria matxista salatzeko, eta Gernika-Lumon, 20:00etan.
Emakume bat hil zuten eguen goizean Sestaon (Bizkaia), eta indarkeria matxistarekin lotu du hilketa hori Ertzaintzak. Haren bikotekidea ere hilik aurkitu zuten, bere buruaz beste eginda. Lehen ikerketen arabera, gizonak andrea hil zuen etxean, labankadaz. 32 urte zituen indarkeria matxistaz hildako andreak. Aurten gizonek hildako seigarren andrazko euskal herritarra da.