«Konstantzian eta ilusioan baino ez dut sinesten nik»
Duela zenbait urte futbolean aritzen zen atleta Euskal Herriko triatloi olinpikoko txapeldun bilakatu da; aitortu duenez, «ez dago misteriorik, asko entrenatzea bakarrik»Euskal Herriko triatloi olinpikoko txapelduna zara. Zer suposatzen du horrek zur...
Duela zenbait urte futbolean aritzen zen atleta Euskal Herriko triatloi olinpikoko txapeldun bilakatu da; aitortu duenez, «ez dago misteriorik, asko entrenatzea bakarrik»
Euskal Herriko triatloi olinpikoko txapelduna zara. Zer suposatzen du horrek zuretzat?Seriotasunez aritu naizen lehen urtea izan da aurtengoa niretzat, eta hori kontuan hartuta, sekulako poztasuna suposatu izan du sari horrek. Aurrerapauso handia eman dut kirol honetan denbora gutxian, eta horrek asko motibatzen nau aurrera jarraitzeko. Maila handiko kirolarien aurretik gelditzea ez da egunero lortzen. Egun berezia izan zen txapeldun bilakatu nintzenekoa.
Entrenamendu barik, baina, zaila izango da saririk lortzea? Ze entrenamendu egin dituzu?
Bai, hala da. Egia esateko, nik horretan bakarrik sinesten dut, alegia, konstantzian eta ilusioan. Egia da aurten zorte handia izan dudala ordutegiari dagokiomez; amaren eta aitaren laguntzari esker, ordu dezentetan entrenatu ahal izan dut. Normalean eguna igerilekuan hasten dut, eta ondoren, bizikletan edo korrika egitera ateratzen naiz. Arratsaldean beste saio bat egiten dut, goizean egin ez dudana egiteko. Egun batzuetan kiroldegira ere joaten naiz, eta gorputz ariketak ere egiten ditut. Astean, gutxi gorabehera, 20-25 kilometro egiten ditut igerian; 300-400 kilometro bizikleta gainean, eta 60-100 kilometro korrika. Hori guztia urtean aldatzen joaten naiz denboraldiko sasoiaren arabera, baina astero 20 eta 35 ordu bitartean aritzen naiz entrenatzen.
Horiei esker, garaipen hori ez ezik, beste hainbat garaipen ere eskuratu dituzu.
Bai, batez ere garaipen emozionalek asetzen naute. Denbora gutxian aurrerapauso handiak ematea niretzako garaipen handia izan da, aurrera jarraitzeko motibaziorako pila bezala erabili ditudanak. Bilboko triatloian lortutako podiumak ere balio handia izan du niretzat.
Garaipen horietatik denetatik zein izan da zuretzat garrantzitsuena? Zergatik?
Bilbokoa, duda barik. Urteko lehen triatloia izan da, eta beldur askogaz agertu nintzen bertan urtarrilean ebakuntza egin zioten, baina dena ondo atera zen, eta konfiantza hartzeko ere balio izan zidan.
Ba al daukazu kirolean oraindik lortu ez duzun amets edo helbururik?
Uste dut edozein kirolariren ametsa munduko txapelduna izatea dela edota Olinpiar jokoetan parte hartzea, baina oso-oso zaila ikusten dut, gaur egun dagoen maila oso handia baita.
Modalitate ezberdinetan aritzen zara (mendian, dutaloietan, krosean..). Zein duzu gustukoen?
Azken finean, denak ditut gustuko, eta horregatik aritzen naiz horietan guztietan. Lasterketa bakoitzaren atzekaldean entrenamendu eta sakrifizio handia dago. Horregatik, gustuko ez baduzu, hobe ez egitea. Baina modalitate bat aukeratzekotan, korrika egin behar den kirolen bat aukeratuko nuke.
Inoiz pentsatu al duzu bakarrean buru-belarri aritzea?
Askotan pentsatu izan dut, baina niri ziurgabetasunean ibiltzea gustatzen zait, gauza berriak probatzea, eta sentimendu eta estimulu ezberdinak jasotzea egiten dudan kirola eginda. Beti gauza bera egiteaz ziurrenik nazkatu egingo nintzateke. Oso pertsona abenturazalea naiz, eta zerbaitek nire arreta pizten badu, ahal dudan guztia ematen dut, ahalik-eta hoberen egin ahal izateko.
Mendian, esate baterako, Zegama-Aizkorri lasterketa berezia da korrikalari askorentzat. Zerk egiten du berezi lasterketa hori?
Bai, lasterketa hori sekulakoa da. Bertan sortzen den giroak sortzen du ikusgarritasun hori. Nik, zorionez, lagun asko ditut mendian korrika edota ibilian ibiltzen direnak, eta egun horretan horien animoak jasotzea izugarria izaten da. Aita eta ama ere nire atzetik izaten dira parte hartzen dudan lasterketa denetan, eta nahiz eta askotan balioan jarri ez, horiek barik ez nintzateke ezer izango. Nire kuadrillakoak ere ni animatzen joaten dira lasterketa horretara, sekulako esfortzua eginez, eta horrek ere asko hunkitzen nau. Beraienga-tik dena ematen dut.
Aurten ez duzu amaitzerik izan, lesio bat tarteko. Datorren urtean arantza hori ateratzen saiatuko zara ?
Seguraski hala izango da. Lagunek dagoeneko esan didate bertan egongo direla. Iaz lortutako postuari esker, bertan parte hartzeko beste aukera bat daukat; beraz, beraiengatik ere nire partetik gehiago ematera aterako naiz. Arantza kentzerik badago ondo, bestela ere gozatzeagaz pozik egongo naiz.
Gaur egun, mendizaleen artean ez da azaldu behar Joanes Goitisolo nor den. Baina Joanesek ere badauka hasiera bat. Noiz eta non hasi zenuen kirol honetako ibilbidea?
Futbola utzi nuen 19 urtegaz, eta sasoian jarraitzeko korrika egiten hasi nintzen nire kabuz. Udazken aldean, Foruko lasterketa egin nuen lagun batek hala gomendatuta, eta ondo moldatu nintzen. Ordutik ez naiz gelditu. Urteak pasatu ahala gorputzak geroz eta hobeto jasotzen ditu eguneroko entrenamenduak, eta pixkanaka hobetuz joan naiz. Hobeto sentitzen hasi nintzen bai fisikoki eta psikologikoki, eta hori izan da bidea aurrera egiteko. Ez dago misteriorik, entrenatzen orduak eta orduak ematea besterik ez.
Hurrengo erronka zein duzu?
Urrian Gasteizera bizitzera joango gara nire lagun eta kirolari on bat eta biok. Bertako triatloi talde on batek kontuan hartu gaitu, eta beraiekin entrenatuko gara. Gu hobetzeko eta gozatzeko asmoz joango gara. Gainera, kirolari oso onak daude talde horretan, eta horrek gure egunerokotasunean asko lagunduko digu- lakoan gaude. Gogotsu gaude biok.