Sarek dispertsioak utzi duenaren collagea egin nahi du
Gernika-Lumoko Sarek erronka berriekin hasiko du ikasturtea, eta, sarea handitu asmoz, proiektu berriak ditu esku artean. Sarekideen tailerra urriaren 4an egingo dute, Astran.
Sareren helburuekin bat egiten duten kirolarien konexioa bilatu nahi dute ikasturte berrian.Hala, kirol munduari «keinu» bat egin gura dio Gernika-Lumoko Sarek ikasturte berrian. «Egun bateko ekimen bat egin nahiko genuke, kirola eta dispertsioaren amaieraren aldeko mugimendua nolabait uztartuko lituzkeena», azaldu du Sareko kide den Ibon Meñikak. Haren esanetan, «kirol munduan badago Sareren ekimenetan inplikatu izan den jendea, Sareren munduarekin bat egiten duena, eta bere ekarpena egiteko prest dagoena. Baina agian ez dugu jakin pizten sarekide horien aktibazioa eta eragin soziala». Beraz, Sareren helburuekin bat egiten duten kirolarien konexioa bilatu nahi dute. Zenbat? Baina aurtengo erronka anbiziotsuagoa ere bada. Erradiografiak liburuxka eta Aterabidetik dispertsiometraia aurkeztu ostean, argazkigintzan jarri nahi dute arreta sarekideek. «Dispertsio politika martxan jarri zutela 30 urte beteko dira. Argazkien bitartez, dispertsio politikak dituen aurpegiak erakusteko beste modu bat bilatu nahi dugu», dio Meñikak.
“30 urtetan zenbat gernikar barneratu dituzten dispertsio politikaren ‘errusiar erruleta’ horretan”Dispertsio politikaren ondorioz hainbat eta hainbat bidaia egitera behartuak izan diren gernikarren aurpegiak argazki bidez jaso gura dituzte. «Hori da planteatzen dugun erronka, eta ikustea 30 urtetan zenbat gernikar barneratu dituzten dispertsio politikaren ‘errusiar erruleta’ horretan. Ohartuko gara asko direla, eremu askotakoak direla, behin edo urte askotan joan direnak». Guzti horiek collage bat osatuko dutela dio Meñikak, «Gernikaren dispertsioaren argazkia». Tailerra eguaztenean. Egitasmo eta pieza ezberdinekin, beraz, dispertsioaren errealitate eta dimentsio osoa irudikatzearen bidean da Ispilue proiektua; sakabanaketa politikak Gernika-Lumon eta inguruetan duen dimentsio horretara hurbildu gura du. Hori, sarean egin nahi du, herritarrekin batera. Eta, horretarako, urriaren 4an batzeko deia egin die Gernika-Lumoko Sarek herritarrei. Ikasturteko lehen tailerra egingo dute hurrengo asteko eguaztenean, 19:30ean, Astran.