Muxikako udalerria hiru herrik osatzen dutela adierazten duen mozioa onartu dute
Muxikako udalerria Muxika, Ibarruri eta Gorozika herriez osatuta dagoela adierazten duen mozioa onartu du aho betez Muxikako Udalak. Hala, hiru herri horien artean, herri bakoitzaren izaera errespetatuko duen ordezkaritza bat adostuko dute urtebeteko epean.
Azken osoko bilkuran onartutako mozio horren bitartez, Muxika, Gorozika eta Ibarruriren historia eta antolaketa gogora ekarri dute. Diotenez, «oso luzea» da hiru herri horien historia, «Muxika Busturiko merindadeari lotuta agertzen zen bitartean, Ibarruri eta Gorozika Zornotzako merindadean agertzen ziren, Bizkaiko antolaketa zaharrean».
1965. urtean Bizkaian eman zen bateratze prozesuan du jatorria herri horien arteko elkarketak; izan ere, garai hartan, «Gorozika eta Ibarruri Muxikarekin udalerri bat osatzera derrigortu» zituzten, «betiere, herri bakoitzaren izaera mantenduz». Hala ere, prozesu horretan ezarritako baldintzetan bakarra errespetatu zela azaldu du herritar taldeak; alegia, izenari zegokiona. Ordezkaritzari, udalaren kokapenari, aurrekontuei eta bestelako gai batzuei buruzko baldintzak, aldiz, ez zirela bete azpimarratu dute.
80. hamarkadan, bestalde, derrigorrezko bateratze prozesu hori bertan behera geratu eta herri gehienek beraien independentzia berreskuratu zutela gogoratu dute; Muxika, Gorozika eta Ibarruriren kasuan, dena den, ez zen hala izan;?«ez ziren udal independente bihurtu, ez zen ezta hiruren arteko akordio berririk sinatu».
Gaur egun, baina, behin betiko akordioa gauzatzeko «aukera ezinhobea» dela deritzo herritar taldeak; hiru herrien arteko harremanak behingoz argitu eta indartzeko, herrien zein auzoen izenak behingoz finkatzeko eta benetan herritar guztiak ordezkatuak sentituko diren udalerri bateratu bat egiteko».
Gure Esku Dagok apirilaren 2an egindako bozketan, Ibarruri eta Gorozikako herritarrek bigarren galdera bati erantzuteko aukera ere izan zuten; Gura duzu Ibarrurik/Gorozikak herri moduan ordezkariak izatea udalean, bere nortasuna galdu ez dezan?.
Eta galdera horren aurrean, herritarren %90ak baino gehiagok herri bakoitzaren nortasuna mantentzearen eta ordezkaritza propioa izatearen alde egin zuen, bai Gorozikan zein Ibarrurin.
Hiru herrien ordezkaritza. Orain, Muxikako udalerria hiru herriz –Muxika, Ibarruri eta Gorozika– osatuta dagoela jasotzen duen adierazpena onartuta, urtebeteko epea zabaldu dute, herri ordezkari zein herriko talde desberdinen artean, herri bakoitzaren izaera errespetatuko duen ordezkaritza bat adosteko, hiru herrien artean.
Herritar taldeak, bere aldetik, udalarekin zein alderdi politikoekin elkarlanean jarduteko prestutasuna azaldu du, eta Gure Esku?Dagoren antolaketa utzi eta herrien nortasuna jorratzeko lan talde berri bat sortzeko asmoa erakutsi du.