Lea Ibilbideko Martxan aurretiaz izena emateko epea amaitzear dago
Aldez aurretik izena eman nahi duten herritarrek urriaren 2a baino lehenago bidali behar dute posta elektronikoa. Aurten urriaren 7an egingo dute Lea Ibilbideko VII. MartxaOrain arte uztailean egin ohi zen Lea Ibilbideko Martxak data aldaketa eduki du,...
Aldez aurretik izena eman nahi duten herritarrek urriaren 2a baino lehenago bidali behar dute posta elektronikoa. Aurten urriaren 7an egingo dute Lea Ibilbideko VII. Martxa
Orain arte uztailean egin ohi zen Lea Ibilbideko Martxak data aldaketa eduki du, eta udan izan beharrean udazkenean egitea erabaki dute. Hain zuzen, urriaren 7an egingo da Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak zazpigarrenez antolatu duen mendi ibilaldia.Aurreko urteetan legez, aurten ere aldez aurretik izena emateko epea jarri dute. Urriaren 2a (astelehena) baino lehen bidali behar da posta elektronikoa leakomartxa@hotmail.com helbidera. Mezuan izen-abizenak zehazteagaz batera, ume edo nagusiak diren, nondik datozen eta ibilbide luzea edo laburra egingo duten adierazi behar dute parte hartzaileek. Dena dela, egunean bertan ere izena eman ahalko dela gogoratu dute.
Kopaua eta zozketa
Aurrez izena emateak, baina, zenbait abantaila edo onura ditu. Hala, aldez aurretik izena ematen duten pertsonek martxa bukatzean kopaua edukiko dute Munitibarko Bengolako parkean (12:00).
Horrez gain, Lea Ibarreko jatetxe batean 100 euroko jatordu baten zozketan parte hartuko dute. 13:00ak aldera zozkatuko dute otordua Bengolan bertan. «Gainera, egunean bertan izena ematen dutenei ez diegu ziurtatzen kamiseta oroigarria edukiko dutenik».
Martxaren ezaugarriei dagokienez, orain arte legez, Lea Ibilbideko VII. Martxan bi ibilaldi egiteko aukera dute ume, gazte zein helduek: Mendexatik Munitibarrerainoko 20,5 kilometroko martxa edo Aulestitik Munitibarrerainoko 7 kilometrokoa.
Ordutegiak
Ibilbide luzea egitera doazenak urriaren 7an 08:15ean abiatuko dira Mendexako Marierrotatik. Ibilbidean zehar bi hornidura-puntu izango dituzte: Gizaburuagako Errotazar lasaigunean eta Aulestiko parkean.
Bestalde, ibilbide laburrena egitea erabakitzen duten herritarrentzat 10:30ean ipini dute ordua, Aulestiko Errekondo parkean.
Lea Ibilbideko VII. Martxari buruzko informazio gehiago jaso edota zalantzak argitzeko, Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoaren zenbaki honetara deitu daiteke: 94-684 44 23.