Domekan elkarretaratzeak egingo dituzte Busturialdeko hainbat herritan, Kataluniako erreferenduma babesteko
Asko dira Kataluniako herriari eta bertan abiarazi duten prozesuari babesa adierazteko orain arte Euskal Herriko txoko ezberdinetan egindako ekintzak. Eta Katalunian erreferenduma deituta dagoen egunean ere ez da elkartasun keinurik faltako. Hala, Gure Esku Dagok elkarretaratzeak deitu ditu han eta hemen, domekarako.
Halaber, balkoiak esteladez eta ikurrinez betetzeko deia ere egin du GEDk, «eskubide zibil eta politikoen alde; askatasun demokratikoaren alde».
Hala, domeka eguerdian, udaletxe aurreetan zein herriko bestelako txokoetan elkartuko dira Busturialdean. Euskal Herrian ez ezik, Katalunian bertan ere adierazten ari dira bertoko, eragile, talde zein norbanakoak erreferendumaren aldeko babesa.
Halaber, Gure Esku Dago-k hainbat alderdi politiko eta eragilerekin batera manifestazioa egingo du Bilbon zapatuan, Demokrazia. Erabakitzeko askatasuna lelopean. Manifestazioa 17:30ean aterako da Casillatik.
DEIALDIAK, HERRIZ HERRI
Bermeo. 13:00etan, Goiko plazan.
Ea.
– 13:00etan, Eako plazan, elkarretaratzea. Jarraian, dantzari eta bertsolariek lagunduta L’Estaca abestiaren bertsioa abestuko dute, Naroa Gaintza abeslariagaz batera.
– Ostean, Bilbo Kantari taldeko txistulariekaz kalejira herrigunetik. Donibane Enparantzan, Kataluniako prozesuari babesa eta elkartasuna adierazteko adierazpena irakurriko dute.
Gernika-Lumo. 13:00etan, Merkurion.
Mendata. 13:00etan, frontoi aurrean.
Mundaka. 13:00etan, herriko plazan.
Muxika. 13:00etan, Zubieta-Errota aurrean.