Bermeoko Udalak 2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetutako
Bermeoko udaletxeko eraikina berreskuratzeko lanen bigarren faseari ekingo dio
urriaren 16an. Lanok
2018ko udarako amaituta egotea espero dutela esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.
Prentsaurrekoan eman dituzte gaur azalpenak
Bigarren fasean,
eraikinaren egitura birgaituko da, eta
estalkia itxiko da. Modu horretan, eraikina ondo itxita eta babestuta geldituko da. Gainera,
eraikinaren solairuak eraikiko dira eta
teilatu berria ere egingo da.
Bestalde, bigarren fase honetan, udal biltegian
gordeta dauden estalkiaren beiratea, udaletxeko dorrea eta Nardiz tar Jon kaleko iturria berreskuratuko dituztela esan du udal arkitekto Goio Allikak. Horrez gain,
kontziopeko lauza zaharrak gordeko dituztela esan du, hirugarren fasean berriro jartzeko, eta
gunearen azterketa arkeologikoa ere egingo dute.
Bermeoko udaletxea Kultur Ondasun gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta dago, eta berezitasun hori eraikina birgaitzerakoan «garrantzitsua» dela azaldu du.
Bigarren faseko lanen
aurrekontua 395.803,69 eurokoa da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura sailaren 150.000 euroko diru laguntza dute. Eusko Jaurlaritzagaz ere harremanetan daudela esan du alkateak, «ondarea den heinean, diru laguntzaren bat lortu daitekeelakoan».
Lanak egin bitartean,
Goiko Plazako zirkulazioa aldatuko dute, eta
martitzenetako azokatxoaren zenbai salmahai lekuz aldatu beharko dituzte, baina plazan bertan kokatuta.
Bigarren fasea amaitu aurretik, hirugarren faseko lanak esleitzea gurako lukete.
Azken fasean, distribuzioa, instalazioak, igogailua eta azken ukituak egingo lirateke. Horrez gain,
kontziopea eta Goiko Plaza malda berdinean jartzea aurreikusten dutela jakinarazi dute, espazio biak fusionatuz. Etorkizunean, lehen ez bezala,
irisgarritasuna bermatuko duen eraikina izango dela aipatu dute.
«Udalaren barne antolaketagatik, Alde Zaharra berreskuratzeko eta herritarrentzat udaletxea erreferentziazko tokia delako», udaletxea konponduta eta martxan egotea «beharrezkoa» dela esan du, beste behin ere, Bermeoko alkateak.
Lehenengo faseko lanak 2015eko amaierarako amaitu zituzten.