Domekan (urriak 1) egingo dute Gernika-Bilbao Running
lasteketa ez-lehiakorra. Eta parte hartu gura dutenek oraindik ere izena emateko aukera dute probaren webgunean:
gernikabilbaorunning.com.
Bigarren urtez jarraian antolatu dute proba, eta oraingoan ere iazko ibilbide bera prestatu dute. Era berean, iaz moduan, parte hartu gura duten korrikalariek
lau aukera dituzte. Hau da, Gernika-Lumotik, Zornotzatik, Galdakaotik edo Basauritik abiatuta egin daiteke lasterketa.
10:00etan hasiko da proba Merkurio Iturriaren parean, eta korrikalariek Gernika eta Bilbo artean
34,370 kilometro egingo dituzte; Kale Nagusian, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean egongo da helmuga.
Zornotzatik Bilborainoko lasterketa egiten dutenentzat 10:55ean jarri dute ordua. Horiek
22,270 km-ko ibilbidea burutuko dute.
Galdakaotik Bilbora arineketan doazenek 11:37an dute irteera-ordua, eta
11,470 km-ko lasterketa egingo dute. Azkenik,
Basauritik Bilbora 8,100 km egingo dituzte, 11:47an irtenda.
Iazko parte hartzaile batzuk probari ekiteko prest, Merkurio Iturriaren parean.
Argazkia: Gernika Bilbao Running.
Dortsalekin bereizita. Aurten ere korrikalariek txipdun dortsalak eroango dituzte, eta lasterketa hasten duten lekuaren araberako koloredun dortsalak izango dituzte. Hain zuzen, Gernika-Bilbo lasterketako partaideek urre koloreko dortsala eroango dute soinean. Zornotza-Bilbo ibilbidekoek zilar kolorekoa edukiko dute, Galdakaotik irteten direnak brontzezko dortsala jantziko dute, eta azkenik, Basauri eta Bilbo arteko lasterketaren parte hartzaileak dortsal zuriagaz egingo dute arineketan.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, izena emandakoen laurdenak egingo du lasterketa luzeena, eta gehienek Basauritik Bilborako ibilbidea egingo dute aurreikusi dute. Hala, parte hartzaileen jatorriari buruzko datuak ere eman dituzte. Momentuz izena eman dutenen %89 bizkaitarrak dira, %4 arabarrak eta %2 gipuzkoarrak. Halaber, Kantabriako, Burgoseko, Zaragozako, Coruñako, Cadizko, Balear zein Kanariar uharteetako eta AEBetako partaideak ere badaudela jakitera eman dute.
Berritasuna. Bigarren edizio honetan
patinatzaile trebeek ere burutuko dute lasterketa ez-lehiakorra. Horiek Zornotzatik abiatuko dira.