Gernika eta Busturia arteko kolektore nagusia egiteko lanak esleitu ditu URAk
Uraren Euskal Agentziak (URA) Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusia eraikitzeko lanak esleitu ditu; hain zuzen ere, Gernika-Lumoko ponpatze estazioa eta Busturiko ponpatze estaziorainoko lanak egingo dituzte.
URAk jakitera eman duenez, Acciona Agua SA, Leandro Gomez SLU eta Loroño SAk osatzen duten aldi baterako enpresa elkarteak egingo ditu lanak, eta aurrekontua 17.174.154 eurokoa izango da. 2020. urteko lehen sei hilabetekorako lanak amaituta egotea aurreikusten dute.
Esleitutako lanen helburua Gernikatik Busturirainoko hondakin urak jasotzea da, «abian diren edo eraikitzen ari diren kolektore tarteen bidez batu, eta horiek guztiak Lamiarango Hondakin Uren Araztegira (HUA) botatzea, bertan dagokion moduan tratatu ditzaten, itsasora isuri aurretik».
Lau ponpatze. Lanon baitan, 6,5 kilometroko kolektore tarte berria egingo dute. «Tartearen gehiengoan grabitateak bultzatuko ditu urak, hala ere, ia 2 kilometrotan emarien bultzatzea beharrezkoa izango da». Bestalde, bi kilometro eta erdiko hoditeria eraiki beharko dela azaldu dute, Gambe eta Muruetako hondakin urak kolektorera bideratzeko; eta, azkenik, lau ponpatze eraikiko dira, isuriak saneamendu sistemara helarazteko. Halaber, hornidurarako 6,5 kilometroko hodi berria eraikiko dute, «berriztatzea beharrezkoa baita».
Lan horiei esker, Gernika eta Lamiarango HUA arteko saneamendu sarearen tarteak amaituko dira. Hartara, Gernika-Lumo, Gautegiz Arteaga, Kortezubi edota ezkerraldeko beste herriguneetako hondakin urak Lamiaraneraino bideratuko dira, dagokion moduan tratatuak izan daitezen.
Bestalde, URA hondakin urak ponpatzeko estazioa eraikitzen ari da Sukarrietako Marisma parkeko lurpean. Horren bitartez, Gernikako eta Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko hondakin urak Lamiarango HUAra bideratuko dira.
Era berean, Sukarrietatik Bermeora hondakin urak bideratzeko bulkada hodiaren instalazioaren zati handi bat ere dagoeneko eraiki dutela azaldu dute URAren arduradunek.