Idazketa eta irakurketa tailerra antolatu du Erroxapek
Nerea Alkortak eskainiko du tailerra, eta helburu orokorra parte hartzaileak sormen idazketan trebatzea dela azaldu du.
Erroxape Bermeoko Emakumeen elkarteak antolatutako tailerra urria eta abendua bitartean eskainiko da: Urriak 4, 11, 18 eta 25; azaroak 8, 15, 22 eta 29; eta, abenduak 13 eta 20. 16:00etatik 18:00etara batuko dira Erroxaperen egoitzan.
Idazketa teknikak lantzeaz gain, sormenaren esparrura hurbilketa ere egingo dutela azaldu du Alkortak. Narrazio teknikak garatzen, sormen baliabideak ezagutzen, sinbolizazio prozedurak ezagutzen… landuko dituzte, beste hainbat gauzaren artean. Ikastaroaren ardatz nagusia, hortaz, idazketa tailerra dela dio.
Hala ete guztiz ere, irakurketa eta ulermena ere landuko dituzte. Hartara, zenbait testu, narrazio lan eta liburu oinarri hartuta, irakurketa eta ulermena landuko dituzte parte hartzaileek.
Tailerrean euskarak izango du lehentasuna; hau da, testuak hein handi batean euskaraz izango dira. Hala ere, gaztelaniazko testuren bat edo beste ere landuko dute.
Idazketa eta irakurketa tailerrean parte hartu gura dutenek Erroxapek Erreten parkean duen egoitzan eman beharko dute izena, 18:00etatik 21:00etara; edota 94-605 84 44 telefono zenbakira deituta ere eman ahalko dute izena.