Eako Udalaren ikastaroetan ate irekien saioak egingo dituzte
Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 29a arte (barikua) luzatu dute
Eako Udalaren ikastaroetan izena emateko epea irailaren 23a arte ipini zuten lehenengo, baina bariku honetara arte (irailak 29) luzatzea erabaki dute.
Atzerkia eta Yoga familian ikastaroetan antolatu dituzte ate irekiak, bariku honetarako (irailak 29).
Hala, aipatu ikastaroetan parte hartzeko interesa daukatenek doan probatzeko aukera eskaini du Eako Udalak. Antzerkia ikastaroari dagokionez, ate irekien bi saio egingo dituzte barikuan Eskolondon, umeentzat bata, eta nagusiagoentzat bestea. 8 urtetik gorakoak 17:30etik 19:00etara elkartuko dira, eta 16 urtetik gorakoak, berriz, 19:00etatik 21:00etara.
Bestalde, Yoga familian ikastaroko saioa Haizeder eskolan izango da, 18:30etik 19:30era. 3 urtetik gorako umeek parte hartu dezakete, eta horiek nagusi bategaz joan beharko dute.
Informazioa
Eneritz Artetxek emango du antzerki ikastaroa. Telebistan, antzerkian zein zineman ibilbide luzea egin du Artetxek, eta gidoilari lanetan ere esperientzia dauka. Aktorea izatez gain, antzerki irakaslea ere bada, hainbat antzezlan ditu martxan, adin guztietako jendeari zuzenduta.
Eako Udaletik azaldu dutenez, hastapeneko antzerki tailer honetan antzerkiaren ideia orokor bat barneratzea da helburua, eta horretarako arlo hauek landuko dituzte: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, inprobisazioa, espazioaren erabilpena, sorkuntza eta talde lana. Hain zuzen, bakarka, bikoteka, zein taldeka lantzen diren ariketen bidez eta jolasa, mugimendua eta irudimena erabiliz, ikasleek antzerkiaren arlo horietan murgilduko dira. Horrela, antzerkiarekiko zein beste arlo edo bizitzako hainbat espaziotarako baliagarriak izango zaizkien kontzeptuak eta gaitasunak barneratuko dituzte.
Eli Ruiz izango da Yoga Familian tailerraren irakaslea. Arte Ederretan lizentziatua da, eta Sanathana Dharma eskolan jaso zuen Yoga irakasle formakuntza, eta bertan Hatha Yoga modalitatean berezitu zen. Hainbat yoga eskoletan nagusientzako eta umeentzako Yoga klaseak ematen ditu, eta besteren artean haurdunaldirako zein familientzako saioak eskaintzen ditu.
Hauek dira ikastaroaren helburuak: kontzentrazioa hobetzea, lasaitasuna eta baretasuna lortzea, autoestima hobetzea, lepoa eta gorputzaren jarrera hobetzea, emozioak ezagutu eta kudeatzea, eta familian momentu aberasgarriak eta osasuntsuak partekatzea.