Baserri Azokak eskualdeko jende asko erakarri du Ispasterrera
Hamalau erakusmahaitan banatuta, era askotako produktuak eskaini dituzte ekoizleek. Ispasterko eskolako neska-mutilek eskolan landatu dituzten elikagaiak atera dituzte plazaraGiro ezin hobea izan zuten zapatuan, Ispasterren. 10:00etan ireki zituen atea...
Hamalau erakusmahaitan banatuta, era askotako produktuak eskaini dituzte ekoizleek. Ispasterko eskolako neska-mutilek eskolan landatu dituzten elikagaiak atera dituzte plazara
Giro ezin hobea izan zuten zapatuan, Ispasterren. 10:00etan ireki zituen ateak Ispasterko Udalak Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkartearen laguntzagaz antolatutako Baserri Azokak, eta apurka-apurka plaza eta San Migel eliza inguruak betetzen joan ziren.Hamalau erakusmahaitan banatuta, era askotako produktuak izan zituzten eskura bisitariek, gehienak Lea-Artibaiko baserritarrenak: gazta, ogi, gozo, pate, ahateki, mermelada, sagar zuku, ezti ekologiko, ortuari, sagardo… Ezer ez zen falta izan. Salmentak onak izan ziren eguerdi partean, ohi legez. Bitxiak eta eskuz egindako panpinak eskuratzeko aukera ere egon zen.
Eta postuz postu joanda, baratzeko produktuak eskaintzen zituen mahai berezi bat ere jarri zuten. Salmahaiaren atzean, Ispasterko Eskolako neska-mutilak. Piper berde, kalabaza, indaba, pepino, urra, gilda… Eskolan Gure Baratzea proiektuaren baitan landatutako nekazal produktuak plazara atera zituzten, eta borondatearen truke saldu. «Hemendik ateratzen dugun dirua jarri nahi dugun negutegi baterako izango da», azaldu zuten.
Azken bi urteetan egin modura, herriko eta inguruetako baserritarren behorrak, zaldiak, poneyak, idiak eta ahuntzak ere egon ziren ikusgai azokan, tartean, saritutako euskal artzain txakurrak. Animalia dotoreak ikusteko aukera egon zen.
San Migel elizaren arkupean prestatu zuten, beste behin, okela. Parrila nagusian, txahalaren hegaleko xerrak, eta aldamenekoetan, solomoa, hirugiharra… 14:00etan ilarak egon ziren okela dastatzeko. Ordubete beranduago, ateak itxi zituen azokak.