'Bakerako musika' kontzertuak Andra Mari eliza bete du
Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Koral Elkarteak Bakerako musika kontzertu zikloa antolatu dute. Guztira, hiru kontzertu emango dituzte, eta horietan lehena barikuan eskaini zuten, bonbardatu zuten herrian bertan. Hain zuzen, Andra Mari elizan elkartu ziren Bilboko Koral Elkartea eta Gernika-Lumoko hiru abesbatza: Gaudeamus Korala, Andra Mari Korala eta Seber Altube Korala. Horien doinuek bonbardaketan zutik mantendu zen eraikin gutxienetakoa betetzea lortu zuten.
Duela 80 urte gernikarrek jasandako “krudeltasun eta sufrimenduaren” oroipena bizirik mantentzea bilatzen duen kontzertu horretan Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbao eta Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño ere izan ziren, herritarrekin batera.
Bakerako musika kontzertu zikloko hurrengo emanaldia Bilboko Guggenheim museoan emango dute irailaren 28an, eta bi egun beranduago Madrilgo Reina Sofia Arte Zentroan.