Gernikako bonbardaketa oroitzeko kontzertua emango dute
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Koral Elkarteak antolatuta, kontzertu berezia eskainiko dute bihar, Gernika-Lumoko Andra Mari elizan. Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenari lotutako kontzertua izango da; hain justu, Bakerako musika osatzen dute...
20:00etatik aurrera, Gernika-Lumoko hiru abesbatza elkartuko dira Bilboko Koral Elkarteagaz batera: Gaudeamus Korala, Andra Mari korala eta Seber Altube Korala. Biharkoa aldundiak eta Bilboko Koral Elkarteak bonbardaketaren oroimenez antolatutako Gernika 80 urte. Bakerako musika gerraren urteurrenean kontzertu zikloaren lehen emanaldia izango da.
Gernika-Lumoko Andra Mari eliza leku esanguratsua da, bonbardaketan zutik gelditu zen eraikin bakarrenetakoa izan baitzen.
Oroimenerako deia
Kontzertu ziklo horren helburua «duela 80 urte gernikar guztiek jasan zuten krudeltasun eta sufrimenduaren oroimena bizirik mantentzea» da, aldundiaren esanetan. Hala, musikaren laguntzaz, belaunaldi berriak errespetuan eta elkarbizitzan haz daitezen aldarrikatu nahi dute; «kultura baita hori ere». Era berean, herritarrak sentsibilizatzea bilatzen du, «jasaten diren gatazkak ez daitezen ahaztuta geratu eta memoria kolektiboak gogoan izan ditzan».
Hurrengo kontzertua Bilbon egingo dute irailaren 28an, Guggenheim Bilbao Museoan. Bertan, Christos Hatzis konpositoreak bakeari gorazarre egiteko idatzitako Everlasting Light musika-lana aurkeztuko dute.
Azken kontzertua, Madrilen
Azken kontzertua, berriz, Madrilen eskainiko dute irailaren 30ean, Reina Sofia Arte Zentroan. Gerrak eta Gernikako bonbardaketak sortutako suntsipen eta heriotzaren aurkako kontzertua izango da Picassoren Gernika koadroa biltzen duen museoan eskainiko dutena.