Udalak erasoen kontrako protokolaren kartelak kendu izana salatu du Asunek taldeak
Duela bi urte hasi zuen jaietako protokoloaren lanketa Asunek taldeak, “jaietan erasoak saihesteko edota egotekotan erantzun bat emateko”. Eta aurten ere, lanketa horretan jardun dutela gogorarazi dute. Gernika-Lumoko udal gobernuak, baina, emakumeen aurkako “eraso zuzena” egin duela salatu du Asunek Gernikako Talde Feministak. Izan ere, herriko jaietako protokoloaren berri ematen zuten kartelak jaiak hasi orduko kaletik kentzea leporatzen diote udal gobernuari. Kartel horietan, besteak beste, erasoen aurrean laguntzeko telefono bat ageri zen. Hala, kartel horiek kentzea “emkumeen aurkako eraso zuzen” bat dela argi du Gernikako taldeak.
Bestalde, udalak jaietako liburuxkan “jai batzordeagaz, berdintasun kontseiluagaz zein protokoloa lantzen dutenekin partekatu gabeko testua” argitaratu duela kritikatu eta “onartezina” dela aipatu du. Halaber, udalak jaietan berdintasunezko harremanak egotea gura zuela adierazi arren, “hori helburutzat dituzten ekimenak zapaldu” dituela azpimarratu du.