Gaur goizean Gernikako arbolaren aurrean bildu da Lointek Gernika Bizkaia 2017/2018 denboraldiko taldea aurkezteko. Gernikako taldearen
laugarren denboraldia izango da Emakumezkoen Ligan, eta
“ilusioz eta erronka berriekin” ekingo diote; izan ere, EuroCup Women 2017 Txapelketa lehiatuko dute aurten.
Gerardo Candina Gernika KESB taldeko lehendakariak azaldu duenez, talde teknikoak lan handia egin du udan denboraldi barrirako taldea osatzeko, eta aitortu du beraiek desio zuten taldea sortu dutela. Zenbait ezbeharrekin hasiko du denboraldia bertoko taldeak. Batetik, familia arazo batzuk tarteko,
azaroaren erdialdera arte ezin izango da taldeagaz lanean hasi Talia Caldwell jokalaria. Horregatik, haren lekua beteko duen jokalariren bat fitxatzea espero dute. Bestetik,
Amaya Gastaminzak azken partiduan min hartuta, ezin izango du oraindik taldeagaz aritu. Halaber,
Maria Pina ere oraindik guztiz osatu gabe dagoela gogoratu du Candinak; dena den, aurki osatuko dela uste du taldeko lehendakariak.
Zenbait ezbehar
Zoritxar horien aurrean, baina,
garrantzitsuena taldea “bateratuta” egotea dela dio Candinak, eta hala, “arazoa aukera bihurtuko” dutela deritzo. Gainera, taldean “konfiantza osoa” daukala aitortu du, eta ezbehar horien aurrean “gogor borrokatuko” dutela sinesten du. Bitartean, eta behin-behineko egoerari aurre egiteko,
talde teknikoak “lanean” jarraituko duela azaldu du.
Gernika-Lumoko Udalaren izenean, berriz, Ana Hormaetxe zinegotzia izan da goizeko aurkezpenean, eta horrek azaldu du
“ohore bat” dela Gernikako taldea Espainian zein Europan udalerriaren ordezkari aritzea. Era berean, denboraldi berrirako zorte ona desio izan die taldekideei.
Bestalde, Javier Loroño
Lointekeko administratzaile orokorrak adierazi du
“oso pozik eta harro” daudela Gernika Kesb taldearen alde egindako apustua eraberritzeagaz.
Naiara Diez, taldeko kapitaina
Aurreko urteetan legez, aurten ere,
Naiara Diez izango da
taldeko kapitaina. Bosgarren urtea beteko du Gernikako taldean. Taldeagaz lanean hasi zen lehenengo urtean, bigarren mailan zeuden eta mailaz igotzea lortu zuten orduan. Hala,
urtez-urte “hobetzen” joan direla uste du jokalari nafarrak: “Garaipenak lortzen joan gara, sailkapenean postuak igotzen, garrantzia gehiago hartzen…”. Eta aurten ere, “hobetzeko” asmoa daukatela azaldu du, “orain arteko jokoa eginez”. Eurocup txapelketa ere izango dute aurtengo erronka, eta horretarako “ilusioz” daudela aitortu du. “Ligan ondo aritu nahi dugu, eta Erregina Kopan sartzeko aukerak ere baditugu”. Halaber,
Maloste “beti betea” izatea ere bada taldearen beste helburu edo
erronketako bat.
Horri guztiari aurre egiteko talde berria dauka Lointek Gernika Bizkaiak. Nafarrak dioenez, “etorri berri diren
jokalariak oso trebeak dira; taldea ezagutzen dute eta baita liga ere”. Eta hori taldearentzako “oso garrantzitsua” dela uste du taldeko kapitainak.
Irailaren 30ean hasiko du denboraldia Lointek Gernika Bizkaiak. Etxean jokatuko du denboraldiko lehen partida, Bartzelonako Snatt´s Femeni Sant Adria taldearen aurka.