Andramarien doinura
Asteburuko euria ez da oztopo izan Andra Mari jaiak ospatzeko. Musika entzun, txapelketetan parte hartu eta mokadutxoa hartzeko aukera guztiak aprobetxatu dituzte herritarrek.Andra Mari eguna joan den barikuan izan bazen ere, asteburu osoan luzatu dira...
Asteburuko euria ez da oztopo izan Andra Mari jaiak ospatzeko. Musika entzun, txapelketetan parte hartu eta mokadutxoa hartzeko aukera guztiak aprobetxatu dituzte herritarrek.
Andra Mari eguna joan den barikuan izan bazen ere, asteburu osoan luzatu dira jaiak Gerrikaitzen, Gizaburuagan, Muruetan, Kanalan, Nabarnizen eta Muxikako Gorozika auzoan. Eguna bera ospatu zuten, berriz, Markina-Xemeingo Erdotza auzoan.Bariku goizean hasi ziren ekitaldiak Gizaburuagan. Trikitilariek alaitu zuten giroa, eta atzetik lehen txapelketak ailegatu ziren. Txapel jaurtiketa lehiaketa Jose Luis Azpiazuk irabazi zuen, 23 metro eta 40 zentimetroko jaurtiketa eginda. Bolo txapelketan, umeen mailan Urtzi Jauregi eta nagusienean Unai Artetxe izan ziren nagusi. Briska txapelketan, azkenik, 32 bikotek parte hartu zuten, eta Lekeitio eta Amorotoko Miren eta Lurdesek irabazi zuten.
Oibarko Eguna ospatu zuten zapatuan gizaburuagatarrek, eta bertan izan zituzten meza eta hamaiketakoa. Arratsaldean, berriz, mus eta tortilla txapelketak izan zituzten. Saioa eta Iñakik eraman zuten tortilla txapelketako lehen saria, eta Epo eta Ariel lekeitiarrak izan ziren nagusi musean. Herritarren arteko esku pilota partidekin amaitu zituzten domekan ospakizunak.
Pintxo eta trikitilariekin eman zieten hasiera jaiei Gerrikaitzen. Lagun asko bildu zituen kopauak, bai eta zapatuko mus eta briska txapelketek ere. 31 bikotek egin zuten musean, eta 21ek briskan. Jaime eta Ortiz izan ziren musean irabazleak; Karmen eta Juan, ostera, briskan txapeldunak.
Ondo pasatzeko gogoz
Azkenaldian galduta izan duten goitibehera jaitsiera berreskuratu dute aurten, Muruetan. Euskal Ligarako puntuagarria izan zen zapatuko proba, eta nahiz eta euri zaparrada egin, hainbat lagunek parte hartu zuten.
Busturialdeko Trokan Behera taldekoek hiru podium lortu zituzten; Neumatiketan, berriz, bigarren postua eskuratu zuen Zumalakarregi-Ajuriagoikoa bikoteak. Taldeak azaldu duenez, «puntu oso baliogarriak» izango dira bigarren aldiz Euskal Herriko Txapelketa irabazteko. Drift Triketean, bestalde, Ibai Urrutiak bigarren postua lortu zuen, golpe bat tarteko. Eta errodamentuetan Julen Karrion eta Aritz Gorriñorentzat izan zen garaipena.
Nabarnizen, Gorozikan eta Kanalan ere, festa giroan igaro dituzte andramariak. Barikuan hamaiketako herrikoia izan zuten herriko hiru tabernetan, eta zapatuan, aldiz, herri bazkaria. Arratsaldea Aitor Lesaga soinujolearen doinuekin eta jolas parkean igaro zuten.
Zapatu goizetik goizaldera arteko egitaraua izan dute Gorozika auzoan. Tortilla txapelketan parte hartzeko, lagunartean hamaiketakoa zein afaria jateko, musika entzun eta dantzatzeko, kantzontzilo eta kulero lasterketan ondo pasatzeko… aprobetxatu zuten.
Ume, gazte zein helduentzako egitarauagaz gozatu ahal izan zuten Kanalan, eguraldiari aurre eginez. Zapatuan, kolore biziz jantzi zuten auzoa, nork bere mozorroagaz ekarpena eginez.