Kaltzada Klasikoa jaialdian goi mailako bi partidu jokatuko dituzte,
21:00etatik aurrera. Besteak beste, etxeko hiru puntisten jokoaz gozatzeko aukera izango dute Gernika Jai Alaira bertaratzen diren zaleek.
Hain zuzen,
Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarrek
Alex Hormaetxea bermeotarraren
eta Gotzon Enbil zumaiarraren kontra jokatuko dute. Gaueko beste partidua, berriz,
Diego Beaskoetxea gernikarraren
eta Ibon Aldazabal berriatuarraren
eta
Mikel Egiguren donostiarraren
eta Imanol Lopez zumaiarraren artekoa izango da.
Aipatu puntistek AEBtara bueltatu aurretik jokatuko duten azken partidua izango da zapatukoa.
Gainera, aurten Juan Ramon Rementeria
Remen puntista ohia
omenduko dute.
Bestalde, Grand Slam-eko partiduetan moduan, jaialdia
musikaz girotuko dute oraingoan ere, The Flipping Karlomagnos eta DJ Session-en eskutik.
Diego Beaskoetxeak “udako despedida” moduan oso
jaialdi handia dela adierazi du: “Gure jendea etorriko da frontoira. Uda guztian torneo handi bat egon da, jende asko etorri da frontoira. Teloia zarratzeko bi partidu oso handi daude. Ea denok gozatzen dugun, eta datorren urterarte jendeak gogoz itxaroten gaituen”.
50. edizioa da aurtengoa, eta Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak bost hamarkada hauetan “340 pilotari inguruk” jokatu dutela gogora ekarri du. “Aurten hiru gernikar izango ditugu, eta eurei eta jokatuko duten beste pilotariei eskerrak eman gura dizkiet, eurek barik ez delako posible jaialdia”. Egoitzaren aldeko “aitzakiagaz”, frontoia bete, eta jendeak “ondo pasatzea” espero du Gorroñok.
Goizean Kaltzada Klasikoa jaialdia aurkezteko agerraldian egon dira Lekerika, Beaskoetxea, Aldazabal, Barandika, Lopez eta Egiguren.
Gaizka Muniategi Gernika Jai Alai Proffesionaleko ordezkariak “bi partidu estelar” daudela nabarmendu du. “Eskerrak eman gura dizkiegu zapatuan egongo diren pilotari guztiei, eta bati bat Jai Alive enpresari, Zumaiako txapelketan barikuan finalerdiak dituzte, eta gure gonbidapena hartu dute. Galtzada egoitzaren aldeko jaialdian egongo dira, eta guretzat garrantzitsua da”.
Gaueko omenduari dagokionez, Muniategiren berbetan
Remen umetatik “erreferentzia” moduan izan dute: “Pilotari oso handia izan da, eta gaur egun ere eskolan oso presente dago. Lan handia egiten du, eta omenaldia oso merezita dauka. Besteak beste, eskolan irakasle bezala dabil, umeei zestak zelan konpondu erakusten”.
Bestalde, Muniategik udako txapelketa “oso ondo” joan dela zehaztu du: “Iazkoa baino hobeto joan dela uste dut, eta apurka-apurka gorantza goaz”.
Kaltzada egoitzaren izenean
Jose Mari Elordik eskerrak eman dizkie udalari, pilotariei eta bi enpresei: Gernika Jai Alai Professional eta Jai Alive, halako bi “partidu eder” antolatzen laguntzeagatik. “Aurton Kaltzada egoitzaren 125. urteurrena betetzen da, eta jende askok egin du lan halako ekimenak aurrera eramateko”.
Azaldu duenez, urtero-urtero norbait omentzen dute, eta aurten
Remenek zesta punta munduan egindako lana goraipatzea erabaki zuten.
Sarrerak. Zapatuan Jai Alai betetzea espero dute antolatzaileek, eta Gernikako zein inguruko herritarrei frontoira hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete.
Jaialdia ikusteko sarrerak 10 eurotan daude salgai Gernika-Lumoko
Turismo Bulegoan, baina, bazkide karneta dutenentzat sarrera doakoa da.
Partiduak (21:00):
- Barandika/Lekerika vs. Hormaetxea/Enbil
- Egiguren/Lopez vs. Beaskoetxea/Aldazabal