Gautegiz-Arteagan lehiatuko dute Urdaibai Koparen 5. proba
Domekan egingo dute Gautegiz-Arteagako III. Mendi Martxa eta Lasterketa.
Martxak eta lasterketa kontuan hartuta, dagoeneko 450 pertsonak baino gehiagok izena eman dute. Hain zuzen, 234 pertsonak izena eman dute mendi martxa luzeenean, eta laburrean, berriz, 157 pertsonak aurrez izena eman dute. Bestalde, 68 korrikalari daude izena emanda.
Oraindik izena eman ez, baina parte hartzeko asmoa dutenek, domekan ere izena eman ahalko dute. Proba bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago izena eman ahalko da. Martxa luzean 500 parte hartzaileko muga dago, laburrean 300 pertsonakoa, eta lasterketan, ostera, gehienez 200 korrikalarik parte hartu dezakete.
Urdaibai Koparako bosgarren proba puntuagarria 17 kilometrokoa da, eta korrikalariak 10:30ean irtengo dira Gaztelu Zar elkartearen aurretik (dortsalak 09:30etik 10:15era jaso beharko dituzte).
Mendi martxa luzeko ibilbideak 15 kilometro ditu, eta 09:30ean jarri dute irteera-ordua. Laburra, berriz, 6 kilometrokoa da, eta parte hartzaileak 10:45ean abiatuko dira Gaztelu Zar elkartetik.
Gaztelu Zar elkarteko kideek azaldu dutenez, ibilbidean ez dute aldaketarik egin. Lasterketan parte hartzen dutenentzat lau anoa postu egongo dira: San Migelen, Karmen Auzoan, Atxarren eta Isla Bekoa auzoan. Ibilaldi luzeena egiten dutenek hiru hornidura gune izango dituzte (Karmen Auzoan, Atxarren eta Isla Bekoa auzoan), eta 6 km-ko martxakoentzat Isla Bekoa auzokoa izango da anoa postu bakarra. Halaber, amaieran hamaiketakoa egongo da denentzat.
Antolatzaileek azaldu dutenez, azken urteetan legez, goizetik bazkalordura arte umeentzat puzgarriak ipiniko dituzte Gaztelu Zar elkartearen pareko zelaian.
Bestalde, irailaren 3a arte izena emandakoek probaren kamiseta jasoko dute, eta irailaren 3tik 6ra izena eman dutenei, Arrolape Mendi Klubaren eskutik galtzerdiak eta biserak oparituko dizkiete.