Foruko Udalak Baldatika eta Gaitoka auzoetako bideak konponduko ditu
Auzoetako bideak hobetzeko 92.00 euro inguruko inbertsioa egingo du udalak.
Konponketa lanak lehiaketara atera ditu, eta proposamenak aurkezteko epea irailaren 15ean (barikua) amaitzen da.
Zehatz esateko, 91.940,51 euroko aurrekontuagaz burutuko dituzte hobekuntza lanak, eta Foruko udaletik azaldu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiari laguntza eskatuko diote, “udal txikientzako aurreikusitako Azpiegituren Dekretuaren bitartez”.
Jane Eyre Foruko alkatearen berbetan, bideak behar den moduan mantentzea “funtsezko inbertsioa” da, “beharrezkoa eta aldizkakoa”, eta gogora ekarri du mugikortasuna garrantzitsua dela pertsonen bizi-kalitaterako: “Horretarako herri baten sarbideak ezinbestekoak dira, batez ere, geure herrian bezala sakabanatutako auzoak badaude. Sarbide hauek askotan eguraldi txarrak hondatu egiten ditu, irisgarritasuna oztopatuz. Udaletxe txikia garenez eta aurrekontu mugatua dugunez, inbertsio honi kudeaketa esfortzu garrantzitsua eginez aurre egiten diogu”.
Udalaren asmoa Gaitoka auzoko errepidearen zati bat asfaltatzea da. Hain zuzen, auzoa eta herrigunea lotzen dituen bidean kilometro bat asfaltatuko dute. Zehaztu dutenez, aurretik zoladuran konponketa batzuk egin zituzten, baina berriro ere egoera txarrean dago. Horrekin batera, hostorik eta harririk ez pilatzeko drainatzea eta areka hobetuko dituzte, bai eta baserrietako adarkadurak ere.
Bestalde, Baldatikarako sarbidearen zati batean zolaketa lanak egingo dituzte. Zehatz esateko, Baldatika auzora doan mendi bide batean atontze lanak burutuko dituzte. Hala, 300 metrotan dagoen hormigoizko bideari jarraipena emango diote. Bide bazterrean areka bat egingo dutela eta euri-uren drainatzea hobetuko dituztela azaldu dute.