Busturialdeko 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako laugarren Enpresa Ideia lehiaketa antolatu dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Sailek eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen Gazteria Zerbitzuak. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 10era arteko epea izango dute beraien proiektuak aurkezteko.
Busturialdean ekintzailetza kultura hedatzea, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea, bertoko ekonomia sustatzea eta enpresa proiektu onenak saritzea dute helburu lehiaketaren antolatzaileek.
18 eta 35 urteko gazteei zuzendutako lehiaketa da; hala ere, zenbait baldintza bete beharko dituzte lehiaketan parte hartu gura dutenek. Enpresa ideia bat aurkeztu ahalko dute, edota 2017. urtean sortutako enpresa bati buruzkoa izan liteke. Kasu batean zein bestean, dena den, enpresak Busturialdean eduki beharko du kokapena.
Kontuan hartuko direnak
Aurreko urteetan legez, jasotzen dituzten proiektuen artean onenak saritzeko, hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan: batetik, berritzaile izaera, balio erantsia edota originaltasuna eskaintzen ote duen begiratuko dute; bestetik, enplegua sortzeko daukan potentziala eta sortutako lanpostuen kalitatea baloratuko dituzte. Halaber, ekintzaile taldeak proiektua gauzatzeko daukan gaitasuna eta eskualdean proiektu hori gauzatzeko legokeen aukera ere kontuan hartuko dituzte. Azkenik, proiektuaren definizio-garapen maila, jasangarritasuna eta gizarte-eragina ere aintzat hartuko dituzte.
Irizpide horiek kontuan hartuta erabakiko dute proiektu irabazlea, eta horren egileek 3.000 euroko saria jasoko dute. Gainera, Arratzuko Elkartegian urtebeteko kuota ordainduta izango dute. Bigarren saridunarentzat, aldiz, 2.000 euro banatuko dituzte, eta horrek ere izango du Arratzuko Elkartegiko kuota ordainduta, urtebetean. Azkenik, lehen sektorearekin zerikusia duen ideia onena ere sarituko dute 1.000 eurogaz; betiere, aurreko saririk jasotzen ez badu.
Dokumentazioa aurkeztea
Sariren bat edo beste jasotzeko, baina, proiektua aurkeztu beharko dute lehenengo. Batetik, izen-emate fitxa beteta aurkeztu beharko dute, eta, horrez gain, aparteko gutunazal itxi batean, ideiaren egileen datuak (NAN, Curriculuma eta aurkeztutako ideiaren titulua). Halaber, antolatzaileek gogorarazi dute dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dela.
Hala, izen emate orriak batu eta entregatzeko zein lehiaketari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzura (giz@bermeo.eus/ 94-617 91 58), Busturialdeko Herri Txikien Gazteria Zerbitzura (gazteria@urremendi.org/94-625 76 09) edota Gernika-Lumoko Gazteentzako Informazio Zerbitzura jo beharko dute lehiaketako parte hartzaileek.