Ate joka datoz andramariak
Herritarren arteko kirol probak, mus, briska zein tortilla txapelketak, erromeriak, antzerki emanaldiak... Askotariko eskaintzagaz datoz beste behin Andra Mari jaiak Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hainbat herritara.Andra Mari eguna (irailak 8) berezia...
Herritarren arteko kirol probak, mus, briska zein tortilla txapelketak, erromeriak, antzerki emanaldiak… Askotariko eskaintzagaz datoz beste behin Andra Mari jaiak Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hainbat herritara.
Andra Mari eguna (irailak 8) berezia da Gizaburuaga, Erdotza, Gerrikaitz, Kanala, Gorozika, Murueta eta Nabarnizko bizilagunentzat. Bezpera izanda, batzuk gaur hasiko dira egun handirako motorrak berotzen, eta bihar hasi eta asteburu osoan hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute batzuek zein besteek.Aipatu herri eta auzoetan, ez da faltako dantza saio, erromeria edota mus, briska, tortilla zein paella txapelketarik.
Hala, biharko eguna ez eze, zapatuan gizaburuagarrek Oibarko Eguna ere ospatuko dute. Eguerdiko jan-edanaren ostean, umeek jolasten eta nagusiek musean eta tortillak prestatzen igaroko dute arratsaldea, eta Xaiborren musikak girotuko du gaua.
Gerrikaiztarrek ere ekitaldi asko dituzte aukeran, eta kultur ekitaldien artean, biharko Hozkailua antzezlana eta domekako Txarlestrup ikuskizuna nabarmentzen dira.
Bestalde, Kanalan, Muruetan eta Nabarnizen ere egitarau zabalak prestatu dituzte, adin zein gustu guztietarako.
Adibidez, Kanala eta Nabarnizko bizilagunek zapatua mozorrotzeko eguna izango dute. Kanalan, besteak beste, kalejira, desfilea eta karaokea izango dituzte, eta Nabarnizen, berriz, herri bazkariaren ostean, Aitor Lesaga soinujoleak girotuko du arratsaldea, eta iluntzean, K-TUM-K batukadaren doinuen txanda izango da. Muruetarrek ere jaiez gozatzeko askotariko ekintzak dituzte: boloak, bingoa, rock eta blues gaua, trontzalaritza herrikoia… Etzi, Euskal Ligarako puntuagarria den Goitibehera jaitsieran batuko dira bertako zein ingurukoak.