Alkoholaren eta drogen kontsumoari lotutako programak landuko dituzte Arrantzale Egunean
Bermeoko Udalak Botiltzarra eta Testing arrisku murrizketan oinarritutako programak jarriko ditu martxan.
Udalaren helburua alkoholaren zein drogen erabilerak sortu ditzakeen arriskuak gutxitzea da. Horrekin batera, herritarrak erabileraren arriskuez kontzientziatu, eta erabileragaz bilatzen dituzten arrazoi eta helburuei buruzko hausnarketa bultzatu gura dute.
Botiltzarra programa kalean alkohola edaten duten gazteei zuzendutako “prebentzio esku-hartzea” da.
Hala, AiLaket! elkarteko sei profesionalek informazioa, materiala, janaria, edaria… eskainiko dituzte, 13:00etatik 18:00etara. Besteak beste, alkoholaren erabilerak dakartzan arriskuak murrizteko informazioa eta materiala banatuko diete gazteei.
Era berean, Testing programa gauez gauzatuko dute. Txosnagunetik hurbil, liburutegiaren parean egongo dira, 23:00etatik 02:30era. AiLaket! elkarteko hiru teknikarik informazioa emango diete bertaratzen direnei, eta substantzien analisiak ere egingo dituzte.
Botiltzarra programari dagokionez, jai giroetan alkoholaren aisialdi kontsumoen arrisku murrizketan oinarritutako proiektua da. Halaber, Testing programaren kasuan gazteen arteko substantzien gehiegizko erabileraren prebentzioa egitea da helburua. Horretarako, arrisku kudeaketa hobeagoa ahalbidetzen duen “egiazko informazio objektiboa eskainiz”.