Kalerik Kale jaialdiak jendez bete du herria
Bertaratutakoek zazpi antzerki ikusteko aukera eduki zuten, Mundakako leku ezberdinetan. Antolatzaileen arabera, arrakastatsua izan da jaialdia, eta datorren urtera begira «gogotsu» daude.Arrakastatsua. Hori da antolatzaileek erabili duten hitza lehe...
Bertaratutakoek zazpi antzerki ikusteko aukera eduki zuten, Mundakako leku ezberdinetan. Antolatzaileen arabera, arrakastatsua izan da jaialdia, eta datorren urtera begira «gogotsu» daude.
Arrakastatsua. Hori da antolatzaileek erabili duten hitza lehenengo Kalerik Kale kale arteen jaialdiaren balorazioa egiterakoan. Mundaka bete duela azaldu dute. Herritarrak kalera atera ziren eta herritik kanpoko jende asko ere egon zela adierazi dute.Bertaratutakoek zazpi antzerki ikusteko aukera eduki zuten. Goizeko saioan jende asko eta asko egon bazen ere, arratsaldeko lehenengo ordukoan jende gutxiago egon zen. Datorren urtera begira, hortaz, aurtengo esperientzia ikusita, arratsaldeko saioak beranduago jarriko dituztela esan du Izaskun Agirresarobe jaialdiko zuzendariak. Gauean, Goiko Kalea gainezka egon zela esan du Deabru Beltzaken ikuskizunerako.
«Jende askok esan du San Pedro jaietan baino jende gehiago batu zela zapatuan. Herritarrak ere pozik zeuden, antzadenez, ez zuten horrelako jaialdi bat espero. Artekale Eguna ezberdina izan zen iaz, istorio bat kontatzen zen. Oraingoan, baina, istorio eta emozio ezberdinak bizitzeko aukera eduki dute, aberatsagoa izan da alde horretatik. Talde ezberdinak izan dira, proposamen oso ezberdinak eskainita, gainera. Beraz, oso pozik gaude Kalerik Kalek izan duen erantzunagaz», esan du Agirresarobek.
Nagusienei begira
Datorren urtean ikuskizunen bat edo beste jubilatuen etxean edota herriko zaharren egoitzaren batean egitea ondo legokeela uste du Agirresarobek, «eurak ezin dute kalera atera, eta kale artea denontzako da, adin guztietako ikusleentzat».
Jaialdia antolatzeko lan handia egin badu ere, eduki duen arrakasta ikusita, «indarberrituta» dago Agirresarobe. Mundakako Udalak aurten lehenengoz antolatu duen Kalerik Kale jaialdia, gainera, geratzeko jaio da. Hortaz, datorren urteko jaialdia «gogotsu» prestatzen hasiko dira.
Jaialdia prestatzeko lanetan lagundu duten boluntario guztien lana eskertu gura izan dute; eta, batez ere, Ruben Sastrek egindako lana nabarmendu dute.