Bosgarrenera iritsi da Salome Campos itsas zeharkaldia.
Zapatuan izango da aipatu proba
11:00etan hasita.
Bermeoko alkate Idurre Bideguren eta Aintzi Laburu Campose-eko Marketing zuzendaria itsas zeharkaldiari buruzko azalpenak ematen
Aurreko urteetako modura,
hiru modalitate egongo dira: 5.000 metrokoa, 1.500 metrokoa eta umeen 500 metrokoa. Hiru modalitateak kontuan hartuta,
650 igerilerik eman dute izena (474 gizon eta 176 emakume). Aurten, parte hartzaile gehiago egongo direla azaldu du Aintzi Luburu Camposeko Marketin zuzendariak. Kategoria nagusian, gainera, plazak agortu direla esan du, eta “poztekoa” dela nabarmendu du, “Salome Campos itsas zeharkaldia indarra hartzen ari den kirol ekimen bat dela adierazten duelako”. Emakumeen parte hartzea “garrantzitsua” izango da, %27 izango delarik. Bestalde,
62 igerilari bermeotar ere egongo dira zapatuko proban, eta kopurua “poztekoa” dela diote.
320 igerilari lehiatuko dira Bermeoko portutik Izaro uharterainoko
5.000 metroko proban, 272 gizon eta 48 emakume, azken horietatik bat bermeotarra. Probak Salome bermeotar emakume ekintzailea omentzen du, eta, beraz, emakume bermeotar batek lehiatzeaa “pozgarria” dela uste dute.
Ibilbide nagusia, aurten,
ezberdina izango dela adierazi du Laburuk. Orain arte Bermeoko portua eta Izaro uharterainoko ibilbidea zuzen egiten zuten igerilariek, “arazoak egoten ziren igerilariak gurutzatu egiten zirelako”. Aurten,
ibilbideak hiruki bat egingo duela esan du Laburuk, “joanean bandera laranjak jarraitu beharko dituzte eta etorrian, berriz, horiak”.
1.500 metroko zeharkaldian, berriz,
263 parte hartzaile egongo dira, 92 emakume eta 171 gizon. Umeei zuzendutako
500 metroko zeharkaldian
68 igerilarik parte hartuko dute, 34 neska eta 34 mutil.
Aurten iaz irabazle edo finalista izan ziren zenbait igerilarik parte hartuko dute. Alex Ojanguren, Leire Zeziaga, Laura Bikandi eta Leire Otxoa, batzuk aipatzekotan. Era berean, igerilari elbarrituek ere parte hartuko dute zapatuko zeharkaldian.
11:00etan hasiko da
umeen proba. Ondoren,
11:40an, 5.000 metroko zeharkaldia burutuko duten
emakumezkoen txanda izango da, eta
hamar minutu beranduago hasiko da gizonezkoen proba. Azkenik,
12:00etan uretaratuko dira
1.500 metroko proba egingo duten partaideek.
Irabazleek, emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, beren pisua jasoko dute Campos kontserbako Hegaluzetan.
Omenaldia Herri Babesari. Laburuk azaldu duenez, aurten, bosgarren zeharkaldi honetan, Herri Babeseko boluntario izan diren Jon Ojanguren eta Mikel Bilbao omendu gura dituzte, “40 urtetan herriaren alde egindako lanagatik eta Salome Campos itsas zeharkaldian, bere hasieratik eskainitako laguntzagatik”.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurene azaldu duenez, “Bermeoko herriak harro hartzen du Salome Campos zeharkaldia, eta pozgarria da gainera urteekin hartzen ari den arrakasta, bai eta emakumeen partaidetza gero eta handiagoa izatea ere”. Jai bezperetan egingo den proba “ikusgarria” izango dela dio, beraz, jendea animatu du Bermeora etortzera.
Aurten, gainera,
olatu horma zabalik dagoela gogorarazi gura izan dute,
itsas zeharkaldia hobeto ikusi ahal izateko.