Jardueraz betetako asteburua igaro dute Gautegiz Arteagan, baina herritarrek festa egiten jarraitu nahi dute; hala, egunotan ere sanantolinetako egitarauagaz gozatzen jarraituko dute.
Barikuan segituko dute festa giroan, Artie dantza taldearen saioagaz eta trikipoteoagaz. Gauean, gainera, kantuan eta dantzan jarduteko aukera izango dute arteagarrek zein bertaratutako gainontzeko herritarrek, Jokaldi taldearen erromerian.
Zapatuan ospatuko dute, hala ere, Antolin Deunaren eguna, goizean hasi eta gaueko orduetara arte. Ohi bezala, Antolin Deunaren ermitara igoko dira herritarrak, alkarregaz. Eta meza entzun ostean, herrira jaitsiko dira berriro, kalejiran. Behin herriko plazan, apar jaiaz gozatzeko aukera edukiko dute. Gauera arte giro lasaiagoa egongo da Gautegiz Arteagan, hala ere, 22:00etatik aurrera musikak hartuko du herria eta berriz ere festari helduko diote.
Herriko jai nagusiez gozatzeko azken eguna izango dute domeka, eta bereziki txikitxoenei zuzendutako jarduerak izango dira: hala nola, puzgarriak, tailerrak, kale-antzerkia eta zirkua. Umeen egunean, baina, izango da helduentzako egitekorik ere. Eguerdian, trikipoteoa egingo dute, eta eskupilota partiduak jokatuko dituzte arratsaldean. Gainera, mus txapelketan lehiatzeko aukera ere egongo da.
Aurreko asteburuan, jai giroan
Domekan agurtuko dituzte sanantolinak, baina lehenago ere zegaz gozatu izan dute. Joan den barikuan hasi zituzten Busturialdeko herri horretako jaiak, Gazte egunagaz. Paella txapelketa egin zuten egun horretan, eta giro onean igaro zuten eguna, bertsolarien bertsoekin, rock kontzertuekin eta futbito txapelketaren finalagaz.
Zapatuan, aldiz, tortilla txapelketan parte hartu zuten herriko gazte zein nagusiek. Guztira 33 kazola aurkeztu zituzten lehiaketara, eta denen artean Gotzon Arrien eta bere kuadrilarenak irabazi zuen. Eguraldia lagun, giro ezinhobea izan zuten. Egun horretan ere dantzan aritzeko aukera izan zuten Egan taldearen erromerian. Gainera, haur, gazte zein nagusiek beraien mozorroak erakutsi zituzten, desfilean. Egun berean, gainera, Athleticeko jokalari Damaris Egurrola omendu eta zoriondu zuten.
EGITARAUA
- Irailak 1
19:00. Dantza saioa Artie Dantza Taldearen eskutik.
20:00. Trikipoteoa herriko tabernetatik.
22:00. Erromeria Jokaldi taldearen eskutik.
- Irailak 2
Antolin Deunaren Eguna
11:00. Antolin Deunaren ermitara igoera.
12:00. Meza santua.
14:00. Jaitsiera eta kalejira. Ostean, apar jaia herriko plazan.
22:00. Folk kontzertua:?Xabier Aburruzaga.
- Irailak 3
Umeen eguna
12:00. Puzgarriak eta tailerrak gaztetxoentzat.
13:00. Triki poteoa herriko tabernetatik.
17:30. Eskupilota partidak.
– Montorre Pilota Eskolako umeen partiduak.
– Imanol Agirre-Alexis Apraiz bikotea Ekaitz Saralegi-Uriondo bikotearen aurka.
18:00. Mus txapelketa Artea tabernan.
20:00. Kale antzerkia eta zirkua:?Funes Troup. Ostean, jaiei amaiera emateko txokolate jana guztientzat.