San Juan Degoiladu eguna da gaur, eta urtero legez, Bermeoko udalbatza Gaztelugatxeko San Juanera joan da goizean, uhartexka Bermeorena dela zehazten duen agiria sinatzeko.
udalbatza Goiko Plazan, kalejira hasten
Tradizioz betetako eguna da San Juan Degoiladu bermeotarrentzako. Lehenik eta behin, Goiko Plazatik hasita, Bermeoko udalbatzak kalejira egiten du txistularien laguntzagaz. Sanjuanportalen amaitzen da kalejira, eta handik Gaztelugatxeko San Juanera joaten dira. Hala egin dute gaurkoan ere.
Urtero modura, udalbatzaren zain egon da Gaztelugatxe gainean Arane-Gibelortzaga auzoko auzo alkatea, ongi etorria emateko eta Bermeoko alkateari auzoko makila emateko.
Bermeoko Udalaren presentzia adierazteko, bestalde, ikurrinaren ondoan jaso dute udaleko bandera, eta jarraian, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek baselizako kanpaia jo du hiru aldiz.
Idurre Bideguren alkatea kanpaia jotzen. Argazkia: Bermeoko Udala
Udal banderaren eta ikurrinaren ondoan, Bermeoko bandera ere altxatu du eguerdian alkateak hurrengo esaldia zioen bitartean: «Hau izan da eta izango da bermeotarron altxorra. Gora Bermeo!». Ondoren, udaleko idazkariak Gaztelugatxera egindako bisitaren akta egin du eta alkateak, auzo alkateak, zinegotziek eta idazkariak sinatu dute.
Idurre Bideguren akta sinatzen. Argazkia: Bermeoko Udala