Itxura eta kolore berria du Malostek
Gernika-Lumoko Udalak Maloste kiroldegiaren itxura aldatu du, zenbait lan eginda. Batetik, kiroldegiaren aurrealdea pistatxo kolorez margotu du, eta, bestetik, 4,16×4,16 metroko tamainadun argazki bi jarri ditu koloreztatu berri duten horma horretan. Saskibaloian jokatzen dabiltzan jokalarien irudiak dira aipatutakoak, biak zuri beltzean eta aluminioaren gainean finkatuta. Udalak jakitera eman duenez, lan horiek burutzeko 14.265 euroko aurrekontuaz baliatu da. Hainbat izan dira Malosten azken urteotan udalak egindako lanak; izan ere, lehen mailako parketa jarria du, FIBA Saskibaloiaren Munduko Txapelketako bi saski ezarri ditu eta harmailak ere handitu ditu.