Elantxobeko Hirugarren Adineko Elkarteko kideek Ziortza-Bolibar bisitatuko dute
Simon Bolivar museoa eta Ziortzako kolegiata bisitatuko dituzte irailaren 14an (eguena). Hala ere, irteerara joateko asmoa dutenek asteon izena eman behar dute.
Zehatz esateko, barikuan (irailak 1) eta zapatuan (irailak 2) izena eman behar da Hirugarren Adinekoen elkartean. Barikuan 18:00etatik 20:00etara izena eman ahalko da, eta zapatuan, berriz, 11:00etatik 13:00etara.
Hirugarren Adinekoen Elkartetik azaldu dutenez, asteon izena ematen dutenen artean autobusa bete ezean, beranduago ere izena emateko aukera eskainiko dute.
Joaneko bidaia Gernika-Lumotik egingo dutela jakitera eman dute, bueltakoa, ostera, Lekeitiotik egingo dute.
Irailaren 14an 09:00etan irtengo dira Elantxobetik. Goiza Ziortza-Bolibarren eman ostean, Markina-Xemeinera joango dira, eta Berriatuko Laka Erdi sagardotegian bazkalduko dute. Arratsalde pasa Lekeition egon ondoren, Elantxobera 21:00ak aldera heltzea aurreikusten dute.