Iaz baino gehiago. Aurten 50 tomate aurkeztu dituzte lehiaketara; denak, Ereñon landatu, hazi eta batutakoak. Guztira, beraz, 50 parte hartzaile izan dira abuztuaren 27an egin zuten lehiaketan.
Bigarrenez antolatu dute Ereñoko tomate lehiaketa, eta Malen Arroyok aurkeztutako tomateak hartu du lehen saria. Hamar sari banatu dituzte. Bigarren saria Itziar Urionak hartu du, eta Jose Magallanesek hirugarrena. Ereñoko alkate Joseba Zarragoikoetxeak azaldu duenez, tomatearen itxura, zaporea eta heldutasun puntua izan dira lehiaketako hiru epaileek saridunak aukeratzeko kontuan izan dutena.
Gerandape Kultur Elkartearen ekimenez egin dute lehiaketa. Iaz egin zuten lehenengoz, eta orduan 31 tomate aurkeztu zituzten. Parte hartzaile gehiago izan dira aurten, eta ikusle asko hurbildu zen Ereñora. Hori dela eta, hurrengo urtera begira eguna beste zerbaitegaz janzteko aukera aztertuko dutela esan du Zarragoikoetxeak: “herri bazkaria edo horrelako zerbait antolatu daiteke”.