Lekeitioko Udala euskara teknikari barik
Lekeitioko udal gobernuaren kudeaketagaz sarritan harritu bagara be, barriro daukagu horretarako arrazoia. Izan be, udaleko euskara teknikariaren kontratua amaitu barri da, eta EH Bilduk daukon informazio apurraren arabera, ez dago teknikariaren funtzi...
Oso arduratuta gagoz, Lekeitioko Udalean euskararen normalizaziora begirako beharginen bat egotea ezinbesteko joten dogulako. Aurreko agintal- dian, euskara teknikariaren profila egokitu egin zan udalak euskararen normalizazioan egin beharko leukeen dinamizazioa ahalbiderateko, eta horreri esker ipini zan martxan Eixu lantaldea. Lantalde honek egin dauen lana izugarria izan da azken urteetan, baina momentu honetan ez dauko udalaren partetik ezelako dinamizaziorik. Barriro be, herritarrentzako zerbitzuen murrizketa baten aurrean gagoz, eta gerora be ikusi beharko da zelako dinamizatzaile profila eskatuko dauen!
Askotan adierazi dogu udal honek euskararekiko programa politikorik ez daukola. Zoritxarrez, legealdi guztian asko izan dira euskararekiko jarrera desegokiak: Ueman segitzea bera be zalantzan ipini eben, euskara zelako begirune gitxigaz erabili izan daben (Lea-Artibai rallyaren inguruko idatziaren gaineko erantzukizunik ez), euretariko batzuen inguru sozialeko hizkuntz ohiturak eta abar.
EAJ-PNVren estiluari segiduz, informazio honen barririk ez dabe emon ez euskara batzordean ezta Eixu lantaldean ere, eta oposizioko talde politikoko ordezkariak garenok be ez dogu izan barri ofizialik. Hori dala eta, azalpen eske idatzi dogu udalera, eta euskara batzordean be honen inguruan eztabaidatzea eskatu dogu.
Murrizketetan oinarritutako kudeaketa ez da kudeaketa ona. Programa politiko bako politikariak ez dira kudeatzaile egokiak. Euskerak gure ahalegin guztia merezi dau, eta euskara zerbitzua hutsik egotea onartezina da.