Lau auzo, erronka bat
Marmitako lehiaketak eta estreinako jokatuko den bola proba desafioak Iturretako, Leagiko, Zelaiako eta Likonako bizilagunen abilezia proban ipintzeko aukera emango dute.Sanpedroek auzoen arteko lehia sanoa dakarte. Aurten hamar urte beteko dituen auzo...
Marmitako lehiaketak eta estreinako jokatuko den bola proba desafioak Iturretako, Leagiko, Zelaiako eta Likonako bizilagunen abilezia proban ipintzeko aukera emango dute.
Sanpedroek auzoen arteko lehia sanoa dakarte. Aurten hamar urte beteko dituen auzoen arteko marmitako txapelketaren esperientziatik abiatuta, auzoen arteko I. Belar-bola proba desafioa antolatzea erabaki dute, bakoitzaren moldeak erakustera emateko.Uztailaren 31n izango da belar proba desafioa, Jubilatuen Egunean, herri kirolen baitan. Orain 35 urte hasi ziren San Pedro egunaren bezperan Jubilatuen Eguna antolatzen. Egun horretan, nagusiei protagonismoa kendu barik, etxeko txikienek zein gazteek ere edukiko dute zertaz gozatu, iluntzetik aurrera bata bestearen atzetik antolatu diren jolasen eta kontzertuen bidez.
Ohiturazko mahai dantza
Abuztuaren lehenengo egunagaz etorriko da mendexarren egun handia, San Pedro. Ohiturari jarraituz, dantza taldearen saioaren barruan, mahai dantza ikusteko aukera emango da, eguerdian.
Dantzak ardo gutxi egiten zen sasoiko usadioa dakar gogora, aspaldiko urteetakoa; herriko alkateak mahai gainean dantzan egiten zuenari txikitoa oparitzen zioneko denbora. Antzina gauerdian egiten zen ospakizuna eguerdira pasatuta dago azken urteetan. Uztailaren 29an Munitibarren izango den Leatarrean Egunean, dantza hori eroango dute mendexarrek, eta hara heltzerik ez daukatenek bigarren aukera bat edukiko dute, dantzak jatorria duen herrian.
Bestalde, azken urteetan legez, Gababusaren bidez, Lea-Artibaiko gazteak Mendexara joan ahalko dira. Horrez gain, uztailaren 31n zein abuztuaren 2an autobus zerbitzuak egongo dira Lekeitiotik; abuztuaren 2an, gainera, etenik barik, 22:00etatik 05:00etara.