X. Nazioarteko Txapelketaren lehenengo kanporaketa jokatuko dute datorren astean
Gernika Jai Alai Eskolak antolatutako txapelketaren lehen saioa uztailaren 30ean [domeka] da.
Gero, abuztuaren 11an eta 13an lehiatuko dituzte beste kanporaketak, eta finalak berriz, abuztuaren 14an jokatuko dituzte.
Kanporaketa egunetan sei partidu jokatuko dituzte. Hain zuzen, benjamin, gazte eta senior mailetako bina partidu lehiatuko dituzte. Goizeetako lehenengo partiduak 10:00etan hasiko dira, eta arratsaldeetakoak, berriz, 16:00etan.
Andra Mari egunaren bezperan 11:00etatik aurrera jokatuko dituzte finalak.
Euskal Herriko zesta eskoletako ordezkariekin batera, Kataluniako Club Vasconiako kideek parte hartuko dute txapelketan. Euskal Herriko eskolei dagokienez, Gernika-Lumoko, Berriatuako, Markina-Xemeingo, Zumaiako, Hondarribiako, Biarritzeko eta Gasteizko pilotariak batuko dira Jai Alai frontoian. Adibidez, etxeko eskolatik hiru bikote lehiatuko dira benjaminetan, beste bizpahiru gazteetan eta bikote bakarra seniorretan.
“Garrantzia eta izen handiko” txapelketa dela nabarmendu dute Gernika Jai Alai Eskolako arduradunek. Gaur egun profesionaletan dauden puntista askok lehiatu dute txapelketa, eta esate baterako, aurten debutatu duen Ekhi gasteiztarrak irabazi zuen iaz txapelketa Victor Malsols katalanagaz senior mailan. Hain zuzen, Kataluniak lortu zuen garaipena, baina Ekhik utzita jokatu zuen Malsolsegaz.
Urtero-urtero “maila altua” egoten dela zehaztu dute antolatzaileek: “Gure motibazioa maila altua egotea da, eta etxekoek jokatzeko aukera izatea. Hala, nagusienen mailan eskola guztiek izaten dituzte ordezkariak”.