Beste hainbat ekimenekin batera, Udako Kalera martxa antolatu du Ezker abertzalearen
Kalera, kalera dinamikak presoen eskubideen defentsan. Atzo bertan abiatu zen Gernika-Lumotik martxa, 160 bat lagunen babesean. Eguerdian, Busturira ailegatu dira, eta herri horretako Axpe auzoko frontoian ari dira bazkaltzen. Bukatutakoan, Bermeorantz abiatuko dira lehenengo etapagaz bukatuz. Behin kostaldeko herrian, kalejira egingo dute 20:00ak inguruan, Goiko plazatik hasita, eta ordu erdi beranduago, Lameran bilduko dira ekitaldia burutzeko.
Gaur hasitako ibilaldia Lakuntzan (Nafarroan) bukatuko dute, hilaren 27an, Hatortxu Rock jaialdian. Hala, bertan, festaren erdigunean, askatasunaren aldeko borroka irudikatuko duen Gernika-Lumoko lorea jarriko dute.
Gaur goizean egin du hasierako ekitaldia
Kalera Kalera dinamikak, eta bertan gogoratu dute “Euskal Herriak askatasuna eta bakea irabazteko eta lortzeko ezinbesteko duela preso politiko, iheslari eta deportatuen etxeratzea, eta horiek herritarrekin batera kaleetan egotea”. Halaber, “konpromiso irmo eta babesa” adierazi diote EPPK-k bukatu duen eztabaida prozesuari, eta azpimarratu dute “euskal gizarte osoak bere lana egin behar duela euskal preso politiko danak etxean egoteko”.
Kalera, Kalera-k jaia aldarrikatuko duela azaldu du, eta eta jai guztietan preso politiko, iheslari eta deportatuak presente izango dituela. Hala, horiek guztiak etxean izan arte lan egiten jarraituko dutela ziurtatu dute, eta beraien konpromisoa berretsi dute “berriz ere hori horrela izan dadin”.
Zortzi egunetan, zortzi etapa. Egun horien bitartean, beste sei etapa izango dituzte egiteke ekimenagaz bat egiten dutenek. Zortzi etapatan banatuta, zortzi egunez, Euskal Herriko txoko ebzerdinak zeharkatuko ditu preso, iheslari eta deportatuen aldeko ibilbideak. Gaur, esaterako, 15 kilometroko bidea egiten ari dira dozenaka herritar, motxilak, makilak, euritako txanodun eta bestelakoak soinean edo eskura dituztela.
Bihar, berriz, Bermeotik Lekeitiora abiatuko dira, eta Lea-Artibain zehar ibiliko dira hilaren 22an. Hurrengo egunean, Ondarroatik hasita, Mutriku eta Deba igaroko dituzte. Bosgarren egun eta etapan, Deba, Zumaia eta Getaria zeherkatuko dituzte, eta seigarren eta zazpigarren etapetan, Getaritik Ibarrarako bidea izango dute egiteke. Zortzigarren eta azken etapan, Ibarratik irten eta Lakuntzara ailegatuko dira, ibilbideari amaiera emanez.