Ereñoko Motokrosa uztailaren 29an lehiatuko dute
Gernika Off Road-eko kideek esan dutenez, 80-90 pilotu espero dituzte. 10:30ean hasiko da entrenamendu saioa, eta lasterketa 12:00etatik aurrera lehiatuko dute. Sari banaketa, berriz, 19:30ak aldera izango da.
Bost kategoria hauetako pilotuak ariko dira zein baino zein gehiago: ume eta promesak, 125, klasikoak, beteranoak eta MX1 eta MX2.
Ereñoko Motokrosa Euskadiko Txapelketako laugarren proba puntuagarria da, eta izen handiko moto gidariek parte hartuko dute. Hain zuzen ere, Txomin Arana ereñarrak, (Husqvarna), Iker Larrañaga gasteiztarrak (Husqvarna) eta Joan Cros (KTM) eta Francesc Mataro (Kawasaki) katalanek lehiatuko dute lasterketa. “Larrañaga da lasterketa irabazteko faboritoa. Bestalde, Nil Bussot katalanak oraindik ez du baieztatu parte hartuko duen ala ez”, azaldu dute antolatzaileek.
Bertoko pilotuei dagokienez, Unai Gerrikaetxebarria gernikarrak 125-eko kategorian parte hartuko du, eta Oier Labin bermeotarrak, berriz, MX2 kategorian. Era berean, klasikoetan lau gernikar hauek ere ariko dira lehian: Juan Antonio Ojanguren, Jose Ojanguren, Doro Aldana eta Ramon Cobo.