Azoka egingo dute domeketan Ibarrangelun
Uztailaren 30ean egingo dute lehenengoz, eta abuztuan domekaro egongo dira ekoizle eta baserritarrak Eleizalde auzoko Plaza Barrin (udaletxe aurreko plaza).
Herritarrek 11:00etatik 14:00etara edukiko dute haien produktuak eskuratzeko aukera.
Udalerriko baserritarrak eta ekoizleak biltzeko asmoagaz orain dela hilabete bat elkartu zen herritar talde bat, eta dagoeneko zenbait bilera egin dituzte. Azaldu dutenez, herriko ekoizle, baserritar eta artisauak azokan parte hartzera animatzen dituzte. Haiekin harremanetan jartzeko Kultur Etxera deitzeko eskatu dute: 94-627 61 98.
Momentuz bospasei ekoizlek haien produktuak eskainiko dituzte, ortuariak eta ogia, besteren artean.
Ekoizleek zehaztu dute honako helburuak dituztela: herriko merkatua berreskuratzea, elikagai osasuntsuak kontsumitzeko eskubidea bermatzea, herritarren arteko harremanak bultzatu eta sendotzea eta tokiko ekonomia sustatzea.
Bilerak egiten jarraitzen dutela esan dute, eta abuztuan herritarren artean duten harrera ikusi ostean erabakiko dute udazkenean eta neguan azoka domekaro egiten jarraitzea edo hilabetean behin egitea.
Azokarik ez
Ibarrangeluko Udalak bi urteri behin antolatzen du nekazal eta artisautza azoka, baina baserritarren azokarik ez da egon orain arte herrian.
Antzina herriko baserritarrek Elantxobera eroaten zituzten haien produktu freskoak (esnea, frutak, patatak, ortuariak etab), eta Talaiako bankuetan jartzen ziren horiek saltzen. Durukiz, Arboliz, Merru, Apraiz eta beste zenbait auzoetako bizilagunak hurbiltzen ziren Elantxobera, eta batik bat arrantzarako itsasontziak hornitzeko saltzen zizkieten produktuak, eta saltzen ez zutena, herrirako bidean etxerik etxe saltzen zuten. “70eko hamarkadan fruta saltzailea etortzen hasi zen, eta ohitura hura galtzen joan zen hurrengo urteetan”.