Araneko kiroldegiko erabiltzaileen gogobetetze maila handia izaten jarraitzen du
Aurten ere, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak inkestak egin ditu kirol ekintzetako erabiltzaileen artean. Jakinarazi dutenez, kiroldegiko ekintzetan parte hartzen dutenen batez besteko gogobetetze maila 8,25 puntukoa izan da.
Bi inkesta egin dituztela esan du kirol saileko zinegotzi Irune Ormaetxeak. Alde batetik, lurreko kirol ekintzen asetasun maila ezagutu gura izan dute, eta 144 erabiltzailek bete dute inkesta. Horien batez besteko gogobetetze maila 8,82 puntukoa izan da, iazkoa baino hobeagoa (iaz 8,20 puntu). Beste alde batetik, uretako kirol ekintzetako erabiltzaileak ere kontuan izan dituzte, eta 86 erabiltzaileren artean egin da. Horien gogobetetze maila 7,68 puntukoa izan da, iazkoarekin alderatuta, zertxobait jaitsi da (iaz, 7,84 puntu).
Lurreko kirol ekintzetan puntuazioa 6,41etik gorakoa izan da kasu guztietan; 9,36 izan da altuena, monitoreen gaitasun profesionalari emandakoa, hain zuzen; eta baxuena kirol guneak (tenperatura, antolamendua, akustika) jaso du, 6,41.
Uretako kirol ekintzen inkestan, berriz, 6,89tik gorakoak izan dira puntuazioak. Baxuena, kasu honetan ere, kirol gunearentzat izan da, 6,89 punturekin. Uretako ekintzetan ere monitoreen gaitasun profesionala izan da erabiltzaileek gehien baloratu dutena, 8,69 punturekin, hain zuzen ere.
Ormaetxeak azaldu duenez, Araneko kiroldegiko kudeaketa hobetzeko helburuagaz egiten dute inkesta. Kirol ekintzetan parte hartzen duten erabiltzaileei hainbat alorri buruzko galderak egin dizkiete: ekintzei buruzko informazioaz, izena emateko prozeduraz, antolaketaz, kopuruaz, ordutegiaz eta prezioaz galdetu diete, besteak beste.
Lortutako datuak “oso onak” direla dio kirol saileko zinegotziak, hala ere, kirolarien asebetetze maila mantentzeko edo hobetzekodutela gaineratu du.