Unescok bi prestakuntza beka emango ditu Urdaibai Biosfera Erreserban
Unesco Etxeak ordaindutako bi prestakuntza beka eskainiko ditu gazteek Urdaibaiko Biosfera Erreserban praktikak egin eta prestakuntza jasotzeko, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren laguntzagaz.
18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako bekak dira. Azaldu dutenez, «gazteak Biosfera Erreserben etorkizuna dira, eta beren lurraldearen antolamenduan esku hartzeko aukera eman behar zaie, bai eta prestakuntza jasotzekoa ere, Biosfera-Erreserbak kudeatzen laguntzeko eta haien garapen iraunkorra sustatzeko».
Bekak lau hilabeteko prestakuntza praktikorako egonaldia eskainiko die gazteei (2017ko irailaren 1etik abenduaren 31ra) lanaldi erdira, eta Urdaibaiko Patronatutik egingo dute lan, Busturiko Ekoetxea Urdaibaitik, hain zuzen ere.
18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ahalko dute beka, eta kontuan izango dute Urdaibaiko Biosfera Erreserbagaz lotura izatea. Euskara eta ingeles maila altuak edukitzea eskatzen dute, bai eta motibazioa eta komunikatzeko gaitasuna izatea ere. Jakinarazi dutenez, lehentasuna izango dute langabezian dauden gazteek.
Egin beharrekoak
Beka jasotzen duenak MAB programako Biosfera Erreserben arteko gazte elkartrukean parte hartu beharko du Urdaibai ordezkatuz, Unesco Etxearen laguntzagaz eta koordinazioagaz. Era berean, bekagaz eta gazte elkartrukeagaz lotutako jardueretan parte hartu beharko du. Amaieran, berriz, beka amaierako lana aurkeztu beharko du. Hori egiteko, bekadunek Unesco Etxearen eta Urdaibaiko Bulego Teknikoaren laguntza eta koordinazioa edukiko dute.
Beken inguruko informazio gehiago eman asmoz, aurkezpen saioak antolatu dituzte. Bi saio egingo dituztela azaldu dute. Lehenengoa, Bermeon egingo dute, datorren eguenean (uztailak 6). Behargintzaren bulegoetan emango dituzte azalpenak, 11:00etan.
Uztailaren 7an egingo dute bigarren aurkezpen saioa. Egun horretako aurkezpena Gernika-Lumon egingo dute. Interesa duenak 11:00etan egon beharko du Kultur Etxean.