Alokabideri buruzko batzarra egingo dute Ean bihar
18:30ean Eskolondon izango da batzarra.
Etxeak edo etxebizitzak alokairuan hartu zein jarri gura dituzten herritarrei bertaratzeko gonbita luzatu die Eako udaleko gobernu taldeak.
Besteak beste, Alokabideri buruzko informazioaz, alokatzeko prezio sozialaz, alokairua kobratzeko zein etxea egoera berean bueltatzeko bermeen azalpenak emango dituzte bihar.
Hain zuzen, etxebizitza hutsen mugikortasuna sustatzeko asmoz, udalak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Zerbitzuetako Sailaren menpe dagoen Alokabide enpresa publikoarekin hitzarmena adostu berri du. Bi programa biltzen ditu hitzarmenak: BIZIGUNE (etxebizitza hutsen programa) eta ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioan).
Programa horiekin, biztanleek etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea bermatua izatea, eta etxebizitzen jabeek alokairuak garaiz jasotzea eta berme guztiak mantentzea dira udalaren helburu nagusiak.